Hondarribia-Marlaxka Euskal Ligatik puntu erdira geratu da
Urnietako Eguzki igo da Euskal Ligara eta bidasoarrak puntu erdira geratu dira.
Xakeko Gipuzkoako Gorengoen Mailako hamaikagarren eta azken jardunaldia jokatu zuten larunbatean. Dena zegoen jokoan, hiru taldek multzoko buru izateko eta, hortaz, Euskal Ligara igotzeko aukerak zituztelako: Urnietako Eguzki, Hondarribia-Marlaxka eta Oreretako Fomento.
Marlaxkak 1-3 irabazi zuen Andoainen Agustin de Leizaren kontra, Fomentok gauza bera egin zuen Luzaroren kontrako derbian, baina Eguzkik bere norgehiagoka berdindu egin zuen, eta puntu erdigatik urnietarrak izan dira txapeldun –31 puntu Eguzkik, 30,5 Marlaxkak, 30 Fomentok—.
Hondarribiko taldeak atzetik aurrera egin du denboraldia. Lehen jardunaldian Fomentorekin berdindu eta bigarrenean Eguzkirekin 1-3 galdu zuen Marlaxkak. Hortik aurrera bolada bikaina izan du, bederatzitik bederatzi irabazita. Ozta-ozta ez du igoera lortu, pena horrekin bukatu du liga.
Helburuak beteta
Gipuzkoako ligetan jokatu duten Marlaxkako gainontzeko taldeek helburuak bete dituztela esan du elkarteak. Lehen Mailako B taldeak 9. bukatu du liga, jaitsiera ekidinez. Bigarren Mailakoak, C-k, jaitsierako play-offa jokatu behar izan du, baina bertan txukun lehiatu da, 4. geratuz, arriskutik kanpo.
Hirugarren Mailako bi taldeek ere mailari eutsi diote. Hortaz, datorren denboraldian berriro bost talde izango ditu Hondarribia-Marlaxkak lurraldeko ligetan.