Korrika festa handia egingo dute Hondarribian
A zer nolako itxura ari den hartzen. Sekulakoa izango da aurten Korrikak Hondarribian egingo duen bidea, hori seguru! Apirilaren 7tik 8rako goizaldean, igandetik astelehenera, pasako da AEKren aldeko lasterketa herritik, baina euskararen festak egun batzuk lehenago iritsiko da Hondarribira. Ostiralean (apirilak 5) Korrika Txikia eta lehen aldiz Korrika Gaztea egingo dituzte, larunbatean (apirilak 6) Korrika Festa egingo dute Kasino Zaharrean, eta igandean (apirilak 7) hainbat ekitaldi antolatu dituzte Korrikaren esperoan egon nahi dutenentzat.
Gaur jakinarazi dute Korrikaren aurreko larunbatean Korrika Festa egingo dutela. Gazte Xaia eta Hondarribiko Korrika Batzordea ari dira antolatzen eta herri osoa inplikatu nahi dute. Gazteen nahia festa Portuan egitea zen, baina ez dute horretarako baimenik lortu. Hala, Kasino Zaharrean egingo dute apirilaren 6ko Hondarribiko Korrika Festa.
Egitarau potoloan herri bazkaria -txartelak 15 euroan salgai, Txantxangorrin eta Le Petit Tremen-, eta Suaia eta Ama Rebel taldearen kontzertua nabarmentzen dira, baina hori baino askoz gehiago izango da egun hori. Ateratzen den diru guztia Korrikari emango diote.
Hondarribiko Korrika Festa
Apirilak 6, larunbata. Kasino Zaharrean
- 11:00etan. Izugarria! erraldoi eta buruhandien kalejira, Arma Plazatik Portura.
- 12:30ean. Poteoa Abiyuan txarangarekin, Portutik Kasino Zaharrera.
- 14:00etan. Herri bazkaria eta bertsolariak.
- 18:00etan. Andoni Ollokiegi.
- 20:30ean. Suaia eta Ama Rebel.
- Bukatzeko. DJ Unai eta DJ Arra.