Hondarribia Londresera itzuliko da
GoFit Hondarribia The Head of the River estropadan lehiatuko da larunbatean.
Hondarribia Arraun Elkartea Londresera itzuliko da. GoFit Hondarribia zortzikoa The Head of the River estropadan lehiatuko da larunbatean. Aurten 50 urte beteko ditu arraun elkarteak eta, hori horrela, aulki mugikorraren sehaskara itzultzea erabaki du klubak. Guztira sei aldiz bogatu dute hondarribiarrek Londresen, azkena 2010 urtean.
1926 urtean egin zuten lehen aldiz The Head of the River estropada. Sei kilometroko proba da, Oxford eta Cambridge unibertsitateen arteko lehia ezagunaren ibilbide berbera duena, baina kontrako norabidean egiten dena, Mortlake zubian hasi eta Putneykoan bukatuta.
400 ontzi eta 3.600 arraunlari, hori da antolatzaileek jarritako muga, eta hori izango da aurtengo parte hartzea. Jatorriari dagokionez, Britainia Handia, Alemania, Italia, Hungaria, Austria, Frantzia, Holanda, Espainia, Suedia, Suitza eta beste hainbat lekuetatik hurbilduko dira zortzikoak.
Euskal Herritik hiru elkartek eman dute izena, Hondarribia Arraunek, Orio Arraunketa Elkarteak eta Baionako Avironek. Irteeran 45. ontzia izango da hondarribiarrena, hain justu oriotarren atzetik irtengo dira. 11:00etan hasiko da estropada eta ontziak hamar segundoan behin abiatuko dira.
Honakook osatuko dute hondarribiarren eskifaia: Gorka Egiazu, Julen Castrillon, Beñat Egiazu, Meltxor Amunarriz, Beñat Amunarriz, Gorka Sanchez, Beñat Rekarte, Iñigo Sagarzazu eta Lur Alkain lemazain modura. Castrillonek ezik, beste guztiek lehen aldiz uretaratuko dira Tamesis ibaian.
Ostiral arratsaldean abiatuko dira arraunlariak Biarritzeko aireportutik Londres aldera.