Lesboserako premiazko bilketa egingo dute aste honetan
Zaporeak proiektuak premiazko janari bilketa egingo du ostiralean eta larunbatean BM kateko Irungo eta Hondarribiko hiru supermerkatutan. Hain zuzen ere, Irungo Palmeran eta Mendibilen, eta Hondarribiko Muliaten egingo dute bilketa.
Bildutakoa Greziako kanpalekuetara bideratuko da, Zaporeakek Lesboseko Moria kanpalekuan kudeatzen duen sukaldera. Otsailean ireki zuten sukaldea eta egunean 1.300-1.500 lagunentzako janaria prestatzen dute. Intxaurrondoko elkarteak sukaldeko biltegia bete nahi du eta horretarako antolatu dute aste honetako bilketa.
Ostiralean eta larunbatean egingo dute bilketa, egun osoz, eta uneoro boluntarioak izango dira saltokietan bilketa egiten eta informazioa zabaltzen. Zaporeakek aurreratu duenez, honakoak jasoko dituzte: oliba olioa, makarroiak, arroz luzea, lekari lehorrak (dilistak, garbantxoak eta babarrunak), sardina eta atun latak, eta espeziak (kuminoa, piperrauts beltza eta zuria, eta currya).
Gehienbat Zaporeakeko boluntarioak ariko dira bilketan, baina elkartekoak ez diren beste boluntarioen laguntza jasoko dute, besteak beste, Hondarribia-Katsikaseko kideena.