Xabier Isasi izango da Hondarribiko EH Bilduren alkategaia
Bere atzetik Xabier Bengoetxea, Oihana Etxebarrieta, Ziortza Ameztoi eta Carlos Gebara ageri dira. Ostiralean onartu zuten zerrenda.
Hondarribiko EH Bilduk hauteskunde zerrenda aurkeztu du. Ostiral arratsaldean buruturiko Herri Batzarrean aukeratu zuten, aho batez, 21 izen-abizenez osaturiko zerrenda. Hauteskunde programaren ardatza ere onartu zuten.
Xabier Isasi ageri da zerrendako lehen tokian eta, hortaz, EH Bilduren alkategaia izango da maiatzaren 26ko hauteskundeetan. Bere atzetik Xabier Bengoetxea, Oihana Etxebarrieta, Ziortza Ameztoi eta Carlos Gebara ageri dira (ikusi behean zerrenda osoa).
Hondarribian lan eta bizi, hori izango da EH Bilduren hauteskunde leloa, hurrengo asteetako ardatza izango dena. Izen zerrendarekin batera, hauteskunde programaren ildo nagusien berri eman du koalizio abertzaleak. Haien hitzetan, talde “feminista, euskaldun eta euskaltzalea” osatu dute, “Euskal Herria eta askatasunaren aldeko borroka gogoan duguna, presoak aske nahi eta oroimena lantzen eta geroratze lanean dihardugunak, edonor eskuzabalik artatzeko eta harrera egiteko prest dagoena, natura eta kultura zaindu, biziberritu eta transmititzearen alde lan egingo duena”.
Ekonomiari dagokionez, “tokian tokiko merkataritza eta lan-jarduera duindu eta sustatzeko, eta udalean eraginkortasuna eta enplegu publiko eta egonkorra bultzatzeko” konpromisoa adierazi du EH Bilduk.
Bukatzeko, “herritarrekin zubi lana” egingo dutela gaineratu dute, “hauen parte hartzea bideratuaz eta gardentasuna azpimarratuaz”. Era berean, “herriko elkarte eta erakundeekin elkarlanean jarduteko” asmoa adierazi du Hondarribiko EH Bilduk.
EH Bildu Hondarribia-ren hautes-zerrenda
- Xabier Isasi
- Xabier Bengoetxea
- Oihana Etxebarrieta
- Ziortza Ameztoi
- Carlos Gebara
- Uxue Criado
- Gari Arroyo
- Kotte Susperregi
- Iban Clemente
- Ainhoa Olaizola
- Lur Irulegi
- Amets Mariskal
- Eneko Arzuaga
- Enar Agirre
- J.M.Goñi
- Miren Legorburu
- Josu Barandiaran
- Kontxi Erro
- Paz Zendoia
- Karlos Santiago
- Lore Erriondo