Larunbatera arte eman daiteke izena Uda Jolas programan
Gaur ireki dute Uda Jolas udaleku irekietako programarako izena emateko epea. Hondarribiko Udaleko Gazteria Departamentuak antolatzen du eta 2008 eta 2014 bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dago aurten. Hondarribian ikasten duten haurrek har dezakete parte eta, ezinbestean, bi baldintza bete behar dira. Batetik, haurrek, “taldekide zein monitoreekin euskaraz jarduteko gai izan behar dute”. Eta bestetik, gurasoek, “egitarauak irauten duen egun guztietan parte hartzeko konpromisoa” adierazi behar dute.
Uztailaren 1etik 30era egingo dute aurten Uda Jolas, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara. Aurreko urteetan bezala, Bordari ikastetxean izango da. 200 haurrentzako tokia dago eta ordaindu beharreko kuota 80 eurokoa da; 70 euro bigarren seme-alabatik aurrera.
Gaurtik eta larunbatera bitarte egin behar da aurretiko izen-ematea. Bi modutara egin daiteke, udal webguneko galdetegia osatuz, edo Javier Ugarte kaleko Gazteen Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera 16:30etik 19.30era, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara). Edozein zalantza izanez gero, 943 64 47 52 telefono zenbakira deitu daiteke.