Heziketa sexuala eta afektiboa landuko du GurasoLaben bigarrenak
Nola landu sexualitatea gure seme-alabekin nerabezaroan, horixe da GurasoLab programaren bigarren solasaldiaren izenburua. Ostegunean izango da (hilak 28), Denda kaleko Kultur Etxean, 18:30etik 20:00etara. GurasoLab-en beste hiru hitzorduetan bezala, sarrera librea izango da lekuak bete arte.
Ama Guadalupekoa ikastetxeko gurasoen elkarteak abiatutako programa da GurasoLab, Hondarribiko Udalaren laguntza duena. Gurasoentzako topagune izateko helburua du programak. Bertan, seme-alaben garapen pertsonalarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten gaiak landuko dituzte, eta gurasoek, euren artean eta adituekin eztabaidatu ahal izango dute horietaz.
Raquel Calvo izango da aste honetako solasaldiaren gidaria. Sexologoa eta gizarte hezitzailea da Calvo, Gizarte Hezkuntzan diplomatua. Seme-alaba nerabeekin heziketa sexuala eta afektiboa lantzeko aholkuak jasoko dituzte bertaratzen diren gurasoek.
Lau hitzaldi guztira
Otsailaren 28an egin zuten GurasoLaben lehen solasaldia. Orduan, Pantalla Amigas elkarteko sortzaile eta zuzendari Jorge Flores izan zen hizlaria, eta mugikorraz eta bideojokoez gaztetxoek egiten duten erabileraz jardun zuen.
Hurrengo bi jardunaldiak maiatzaren 5an (Nola komunikatzen gara gure seme-alabekin?, Miren Camison heiztzailearekin) eta ekainaren 6an (Sentitzen dugun hori: Emozioak kudeatzea, heziketaren motorra, Leticia Garces pedagogoarekin) izango dira.