Emakumeak ikusarazteko kode bat
‘Emakumeak ikustarazten’ orri-markatzaileak kaleratu ditu Hondarribiko Udal Liburutegiak. Herriko bederatzi emakumeren testuak jaso dituzte, baina QR kodeen atzean ezkutatuta.
Gizonen itzalean geratutako emakumeen lorpenen balioa nabarmendu, utzitako ondarea azalerazi, haien bizitzak… Emakumeak ikusarazteko ekintza ugari antolatzen dira Martxoaren 8aren inguruan. Ez bakarrik data horretan, baina bai data horretan gehiago. Zuloaga Etxea Udal Liburutegiak ere ekitaldi ugari burutu zituen Hondarribian Emekik eta udalak elkarlanean antolatutako Emakumearen Asteari lotuta. Baina horietako bat jarraipena izateko xedearekin prestatu zuten, Martxoaren 8aren zurrunbiloan galdu ez zedin.
Emakumeak ikustarazten goiburuko orri-markatzaileak kaleratu zituen Hondarribiko liburutegiak Emakumearen Egunaren bueltan. Izenburuak ondo azaltzen duen bezala, behar baino ezezagunagoak diren emakumeak gehiago ezagutzea bilatzen du iniziatibak. Hala, bederatzi emakumeren testuak bildu zituzten, eta orri-markatzailean txertatu. Baina, testuak irakurri nahi dituenak esfortzua egin behar du, QR kodeak irakurtzeko aplikazioa jaitsi behar du mugikorrera. “Jokoa egin nahi izan dugu”, azaldu du egitasmoaren ardura izan duen Nekane Barandiaran liburutegiko langileak: “Ezkutuan dauden emakumeen testuak ezkutatu egin ditugu, eta erabiltzaileak ikusarazi egin behar ditu”.
Bederatzi emakume dira orri-markatzaileentzako testuak idatzi dituztenak, baina horrek ez du esan nahi guztiak idazleak direnik, edota idazteagatik nabarmentzen direnik. “Horietako batzuk ezagunak dira alor batean, beste batzuk beste alor batean… Denei testu bat idazteko eskatu diegu, bakoitzak nahi zuena idazteko, horrela, maila berean jarri ditugu denak”, azaldu du Barandiaranek.
Aukeraketa nola egin duten galdetuta, prozesu bat izan zela kontatu du, ideiak forma hartzen zuen ahala atera zirela emakumeen izenak: “Horietako batzuk gure erabiltzaileak dira eta hortik tiraka oreka bat bilatzen genuen, Hondarribian jaio eta bizi zirenak, Hondarribian jaio bai baina kanpora joan zirenak, edota kanpoan jaio eta hemen bizi diren emakumeak. Denek dute pisu bat alorren batean eta ikusarazi nahi genituen gainontzekoentzako, lotura bat sortu nahi genuen beraien artean bestela egongo ez zena”. Guztira bost markatzaile egin dituzte, hamar kode, euskarazko (eskuinekoa) eta gaztelaniazko bana kartoiko. Ale bakoitzean parte hartu duten emakume guztien izenak ageri dira, baina ez da zehazten kodeen atzean zeinen testuak ezkutatzen diren. Jokoaren parte da, guztiak maila berean jartzeko ideia hori berresteko.
Hori bai, behin kodeetako bat irakurrita, udal liburutegiaren webgunera bidaliko du erabiltzailea aplikazioak. Bertan, batetik, hautatutako kodearen atzean dagoen testua irakurtzeko aukera izango da, eta egileari buruz gehiago jakiteko. Eta bestetik, beste zortzi emakumeen testuak azalduko dira, haiei buruzko azalpenekin.
Literaturaz harago
Juana Cortes Amunarriz, Virginia Gil Rodriguez, Rosa Gomez, Arantza Urretabizkaia eta Maite Darceles, bederatzietatik bost idazleak dira, edo liburuak argitaratuak dituzte. Badute, nolabait, orri-markatzaileekin lotura zuzena. Gainontzekoek ez hainbeste. Lore Erriondo pedadogoa eta irakaslea da, Miren Iza abeslaria eta psikiatra, Ane Muñoz zinegilea eta kazetaria, eta Agustina Otero eskultorea. Idazle ez direnen bila propio joan direla argitu du proiektuaren arduradunak. Ez dute literatura bakarrik aintzat hartu nahi izan, Zuloaga Etxeak bere eguneroko jardueran bete nahi duen eremura zabaltzea baizik: “Gure erabiltzaileek gainditzen dute literatura eremua… Eremu guztientzako lekua dago hemen. Ez ditugu euskarriak kontuan hartu, liburuak, DVDak, aldizkariak… euskarri horiek jorratzen dituzten gaiak baizik. Eta edozein gai lantzeko liburutegia leku aproposa dela erakutsi nahi izan dugu markatzaileekin”.
Idazle direnen artean ere alde handia dago batetik bestera, eskarmentu asko dutenak eta ez hainbestekoak, eleberri mundukoak edo poesiakoak… Zer esanik ez idazle ez diren eta orri-markatzaileentzako zer edo zer idatzi behar izan dutenen artean. “Berezitasuna izan da beraien burua idazletzat ez dutenei ere eskatu diegula zer edo zer idazteko, eta kasu batzuetan ez da aurrera joan». Baten bat ez da animatu zer idatzi ez zekielako, jendeak bere testua irakurtzea lotsarazten zuelako, «baina berriz saiatuko gara”.
Lehen aldiz egin dituzte Emakumeak ikustarazten goiburuko orri-markatzaileak, proba bezala. Eta emaitzarekin oso kontent daude. Batetik, “prozesua oso aberatsa” izan delako, eta “aniztasuna islatu duelako”. Eta bestetik, Zuloaga Etxeko erabiltzaileei ideia asko gustatu zaielako: “Oso polita izan da, eta irakurle batzuek dagoeneko eskaini dute beraien burua datorren urterako. Batzuek zeinekin hitz egin dezakegun esaten digute, eta beste batzuek, beraiek testuak idatziko dizkigutela”.
«Denak hartuta ikuspegi eta
begiraden lagina polita geratu da»
Maite Darceles. Idazlea
Zer iruditu zaizu Emakumeak ikustarazten orri-markatzaileen egitasmoa?
Ideia polita iruditu zait zenbait emakumeren lana ikusarazteko. Adibidez, parte hartu dugunon artean ere nik neuk ezagunak ez ditudan emakumeak daude. Eta nirekin berdin gertatuko da. Formatuarekin zalantzak ditut. Gogoratzen dut norbaitekin QR kodearena komentatu nuenean, semearekin edo, esan zidala, ‘a! orduan idazten duzuna ez du inork irakurriko’, eta baliteke horrela izatea, sistema sofistikatuegia akaso… Ez dakit… Oraindik inork ez dit ezer esan testuaz, ez dakit inork irakurri duen [barre egin du].
Bederatzi emakumeren testuak ezkutatu dituzte QR kodeen atzean, horietako bat zu. Nola hartu zenuen zurekin gogoratu izana?
Planteatu zidatenean esker onez hartu nuen, bai ekimena bera eta bai nitaz gogoratu izana. Eta halaxe adierazi nien liburutegikoei. Poza ematen dizu.
Nahi zenutena idazteko eskatu zizueten. Zuk, zertaz idatzi duzu?
Niri otu zitzaidan liburutegia edo irakurtzea eta feminismoa lotzen dituen mikroipuin bat egitea; beste batzuek, aldiz, beren esperientziaz hitz egin dute. Planteatu zidatenean, egia esan, ez nekien beste emakume batzuk ere ekimenean zeudenik, eta horregatik zerbait orokorrari heldu nion. Denak hartuta ikuspegi eta begiraden lagina polita geratu da.
Martxoaren 8ari begirako egitasmoa da, baina Martxoaren 8tik harago doana, jarraipena duena.
Emakumeoi ezinezkoa zaigu urtean zehar gaia ahaztea, egunero bizitzen baititugu diskriminazio egoerak, dela geure larruan dela inguruan. Kontzientzia pixka bat dugun emakumeok behintzat beti presente daukagu.
Egiten dena baino gehiago egin beharko litzateke alor horri dagokionez?
Bai, noski. Asko lortu da, baina asko falta da lortzeko. Borrokan segi behar da egunero-egunero. Martxoaren 8an egiten direnak eta antzekoak inportanteak dira ikusgarritasunagatik, indar erakustaldi moduan, adoretzeko, feminismoaren inguruko zenbait estereotipo oker argitzeko, feminismoari mikrofonoa eta kamerak jartzen zaizkiolako egun horietan… Baina lortzeke dugun guztia gogoratu behar dugu triunfalismoan erori gabe. Benetan axola duena urte osoan zehar egiten dena da.
Asko lortu dela diozu. Zer adibidez?
Feminismoa gizartean aldaketa eragiten ari da. Tolerantzia maila asko jaisten ari da, eta lehen normaltzat jotzen ziren gauza asko gaur jada ez lirateke onartuko. Egun gizartean ez da onargarria norbaiti zerbait egiteko aukera bere sexuagatik, emakumea delako bakarrik ukatzea.
Adibide zehatz batera joz, betiko alardea deitzen den hori defendatzen dutenak ere, galdetuz gero, emakumeen eskubideen alde agertuko dira. Gehien-gehienak, bai. Ez dut zalantzarik. Betiko alardekoak, gizarte osoa bezala, gaur duela hogei urte baino feministagoak, berdinzaleagoak dira, seguru nago. Eta alardean parte hartzea ukatzeko arrazoi nagusia ez da eskubidea ez onartzea, baizik eta gatazka nahasi, enkistatu egin dela. Eta gatazka sendatu beharra dago, gizarte gaixotasun bat bihurtu baita. Badago emakumeek alardean parte hartzeko eskubiderik ez dutela argudiatzerik matxismotik eta misoginiatik ez bada? Nik behintzat ez dut ezagutzen zentzu horretako argudio sendorik… Eta horregatik gertatzen zait egoera hain ulertezina. Horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazka hau konpontzeko gaiaz hitz egin beharra dago, bestearen postura ulertzen saiatu, dogmak baztertu, enpatia osagaia txertatu…
Baina feminismoaren helburua ez da bakarrik sexu edo genero arrazoiengatik dauden diskriminazioak desagerraraztea, baizik eta era berean pertsona edo bizitza erdigunean jarriko duen mundu bat eraikitzea ere. Eta horretan ekologismoarekin lotura dauka feminismoak. Feminismoa indar eraldatzailea eta iraultzailea da, esateko, erakusteko eta garatzeko asko daukana.
Leku asko dago, baita baratze batentzako ere
Belardoren baratza tailerra abiatu dute Zuloaga Etxean. Hainbat landare erein dituzte eta erabiltzaile guztiei zabaldu diete landareak zaintzeko ardura
Baratzea liburu artean, hori da Hondarribiko Udal Liburutegiak egin duen azken proposamena. Belardoren baratza, ortu eta komiki tailerra antolatu dute, eta asteazkenean egin zuten lehen saioa. Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak gidatuta, 7-11 urteko haurrek zizare konposta egiten ikasi zuten, eta hainbat landare erein zituzten jauregiko balkoietan eta zenbait aretotan. Etxera ere eraman zituzten ereindako barazki batzuk, ekainera arte zaindu beharko dituztenak. Landareak, lurra, zizareak… material guztia Endanea lore saltokiak utzitakoa da.
Tailerra bat dator Zuloaga Etxeko lantaldeak duen ideiarekin, hau da, liburutegiak liburu biltegi baino gehiago izan behar duenaren ideiarekin. Hala azaldu du Nekane Barandiaranek: “Berez oso aparte dauden bi eremu hurbildu nahi ditugu tailerrarekin. Baratze bat liburutegian gauza ikusgarria da, eta edozein gai liburutegira ekar daitekeela erakusteko balio du. Erabiltzaileek hori ikustea nahi dugu, hemen aukera hori badagoela, beraien gustuko edo interesak ekar ditzaketela”.
Ekainera arte ez da Mattin itzuliko Zuloagara, baina horrek ez du esan nahi asteazkenean jarritakoa zaindu behar ez denik. Zaintza hori liburutegiko erabiltzaile guztiena izatea nahi dute Zuloaga Etxeko langileek. “Zizareak elikatzea eta baratzearen zaintza erabiltzaileek hartzea nahi dugu, nahi duena hurbiltzea”, azaldu du Martiarenak.
Bigarrena, hausnartzeko
Ekainaren 12an egingo dute tailerraren bigarren zatia. Liburutegiko zein etxeko landareak nola dauden ikusiko dute, eta prozesua komiki bihurtzen lagunduko die Mattinek haurrei. “Hausnartzeko eguna izango da. Batzuetan helburuak ez dira betetzen, frustrazio hori landuko dugu”, erantsi du liburutegiko langileak.
Tailerrari lotuta, beste ekintza ireki bat antolatu du liburutegiak, Xixare kontsumo elkarteak Amute auzoan duen baratzean, maiatzaren 18an egingo dutena.