Elvis izango da urteko lehen amua
John Mencis Band eta musika bandaren kontzertua izango da 2019ko Amua jaialdiko lehen eguneko ekitaldi nagusia.
Bizirik dago, bere ondarea behintzat. Elvis Presley izango da 2019ko Amua jaialdiko lehen protagonista. Martxoa, ekaina eta azaroan banatutako egingo dute Amua jaialdiko bigarren ekitaldia. Hiru jardunaldietan banatuko da Amua 2019. Larunbat honetan (hilak 23) iritsiko da lehena, ekaineko lehen asteburuan bigarrena, eta azaroan azkena.
Ernesto Toledo arduradunak azaldu duenez, zaila ikusten zuten iazko formatuari eutsi: “Jendea oso pozik geratu zen, baina egitaraua hain kontzentratuta zegoen egitaraua, ezen publikoarentzat ezinezkoa baitzen denaz gozatzea”. Hala, larunbatean egingo dute Amua 2019 #01, eta Elvis eta bere imitatzaileak izango dira protagonista. “Elvis Presleyren figuran sakonduko dugu, bere garaiko gizartean nola eragin zuen aztertuko dugu, eta hark utzitako ondarea bizirik dirauela ikusiko dugu”, nabarmendu du Toledok.
Amua 2019 hiru pusketan iritsiko bada, gauza bera esan daiteke larunbateko egitarauaz, hiru emanaldi desberdin azaltzen baitira bertan.
Lehenik, bazkalostean, bi dokumental proiektatuko dituzte Itsas Etxean: Big Elvis eta Orion, the man who would be king (behean trailerra). 16:00etan hasiko da emanaldia, Felipe Cabrerizo idazle eta irrati esatariak aurkeztuta. Bi dokumentalak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, azpititulatuta. Doan da eta gonbidapenak Arma Plazan lor daitezke.
Bigarrenik, iluntzean, John Mencis Band eta Hondarribiko Hiria Musika Bandaren kontzertua jasoko du Itsas Etxeak, 19:00etan. Elvisen imitatzaile da Mencis (ikusi beheko bideoan). Toledoren hitzetan “Espainiako Estatuan dagoen Elvisen imitatzaile onena da”, eta saio ikusgarria eskainiko du bandak lagunduta. Sarreren prezioa 5 eurokoa da eta oso gutxi geratzen dira (erosi).
Eta azkenik, gauean Uxoa tabernara mugituko da jaialdia. 22:00etatik hasita DJ sesioak izango dira bertan, goizaldera arte. 22:00etan DJ_Fab izango musika jartzen eta gauerditik aurrera DJ Psycho Beat! (Felipe Cabrerizo) jarriko da plateren aurrean.