"Eguraldi onarekin oso azkarra izango da"
IX. Donostia Hondarribia mendi lasterketa egingo dute igandean.
Donostia Hondarribia Trail mendi lasterketaren 9. ekitaldia egingo dute igande goizean, Fortuna Kirol Elkarteak antolatuta. Gaur arratsaldean aurkeztu dute Hondarribiko udaletxeko areto nagusian, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Arantza Rojo Fortunako kidea eta lasterketan parte hartuko duten hiru korrikalari: Lurdes Oiartzabal lezoarra, eta Iker Oliveri eta Ion Ugarte hondarribiarrak.
Bederatzigarren ekitaldia izango da, ohiko ibilbidearekin. Goizeko bederatziak eta erdietan hasiko da Catalunya plazan eta, Ulia eta Jaizkibel mendiak alderik alde egin eta gero, Hondarribiko Harresilandan bukatuko da, San Nikolas zubitik sartuta azken metroak Alde Zaharrean egin eta gero. Bi ordu eta hamaika minutu inguru da Jokin Lizeaga urnietarrak ezarritako markarik onena. Horrek esan nahi du hamaikak eta erdietatik aurrera hasiko direla lehen korrikalariak helmugara hurbiltzen.
Sagarzazu alkateak proba “ingurune paregabean” egiten dela nabarmendu du, eta antolatzaileentzako hitz politak izan ditu, proba antolatzerakoan ondare natural hori aintzat hartzen dutelako: “Bederatzigarren ekitaldiaz ari garenez, ez dirudi berrikuntza handiegirik ekarri ohi dituen proba batez ari garela, baizik eta oso ondo antolatutako eta inguruarekin errespetu handiko proba bat dela”.
Fortunaren izenean, eskerrak eman ditu Rojok, udalari, korrikalariei, boluntarioei eta ikusleei. Pozik azaldu da elkarte antolatzaileko kidea izen emate kopuruarekin, “1.084 aurten”. Eremu babestua izanik, lekuak mugatuak dira eta soilik 500ek jantziko dituzte zapatilak igandean, horietatik 55 emakumeak, inoizko kopururik altuena: “Iaz %7,4 izan ziren, aurten %10a, oso albiste pozgarria da”. Izena eman dutenen portzentajea errespetatu dutela argitu du, hau da, %10 dira izena eman duten emakumeak eta %10 parte hartuko dutenak.
Nesketan, Oihana Kortazarrek lehen aldiz hartuko du parte. Beste izen garrantzitsu batzuk eman ditu Rojok: “Lurdes Oiartzabal, Maialen Gurrutxaga, Tanit Perez de Lezea, Amaiur Iglesias…” Egongo ez dena, Maite Maiora, iazko irabazlea.
Mutiletan ere huts egingo du 2018ko onenak, Lizeagak, min hartuta dagoelako. Iaz bere atzetik geratu ziren Oliveri, Aritz Kortabarria eta Jon Ugalde lehiatzeko prest dira, podiora igotzen saiatuko dira hirurak.
Eguraldi ona espero da
Iker Oliverik seigarrenez korrituko du Talaiako lasterketa, eta behin baino gehiagoetan irabazi du. Iaz bigarren izan zen Lizeagaren atzetik eta, aurten Urnietakoa ez dagoenez, aukera gehiago ditu hondarribiarrak. Baina onartu du ez dagoela oso fin: “Urtea zaila izaten ari da lesioengatik, baina paper ona egitea espero dut. Esaten dute eguraldi ona egingo duela, hobe, errazago izango da disfrutatzea”.
Lurdes Oiartzabal lezoarrak ere bigarren egin zuen iaz, bere lehen parte hartzean. Podioa zapaldu nahi du berriz, baina batez ere disfrutatzera aterako da. “Iaz gehiago murgildu nintzen mendi lasterketetan, gehiagoetan asfaltoan ibili naizelako. Aurten bigarren urtea dut, eta kilometro gehiago sartu ditut mendian”. Oliverik bezala, entrenatzeko tokia du Jaizkibel Oiartzabalek, eta “etxe ondoan eta eguraldi onarekin disfrutatzeko lasterketa” izango da beretzat. “Iazko denborari puska bat kentzea izango da nire helburua, baina batez ere disfrutatu, sekulako paraje zoragarriak dituelako Talaiak”, esan du.
Aurkezpeneko beste korrikalari hondarribiarrak, Jon Ugartek, bederatzigarrenez korrituko du Donostia Hondarribia Trail. “Edizio guztietan egon naizelako gonbidatu naute hemen egotera, ni eta beste 24 gara edizio guztietan egon garenak”. Errepikatzeko arrazoiak eman ditu Ugartek: “Oso berezia da, herrian bukatzen delako, Pasaiako puntu hori barkuan pasatzeak bere xarma dauka… Esaten dute gogorra dela, baina gogorra norberak egiten du, azkarra da korritzeko, tramu luzeak dituzu, eta astindua eman nahi badiozu baduzu aukera”.
Podiotik urruti ibiltzen da hondarribiarra —iaz 351.a izan zen, irabazlearengandik ordu eta 33 minutura—, baina bere helburua argi du: “Ez hauen denboretan, baina ni ere saiatuko naiz nire denboretan beti hobetzen”
Iragarpenak beteko balira, Ugartek asko eskertuko luke: “Eguraldi txarrarekin lokatz asko sortzen da. Guadalupetik behera lokaztua badago, lehenengoek ez horrenbeste, baina erdikotik atzera oso irristakorra jartzen da”.
Oiartzabalek Uliako zatiari dio beldur gehien, batez ere bustita badago: “Itsasargiko zati hori, galtzada-harriak dira, sustrai asko daude, eta oso zati txarra da”. Oliveri bat dator lezoarrarekin: “Oso azkar joaten da, lehenengo txalupan nahi duzu sartu, ematen du lasterketa hor bukatzen dela. Gero beste lasterketa berri bat hasten da, ja luzeagoa, eta ahal duena aguantatu behar du”.