Uxoa Anduaga eta Ane Labaka serio jarriko dira ostegunean
Blagan elkarteak umoreari buruzko solasaldia antolatu du ostegunerako.
Errotulagailu, margo edo boligrafo morez idatzitako ‘u’ hizkia da umorea. Mundu guztiak daki hori, horretan ez dago eztabaidarik. Baina, hori baino gehiago da umorea, eta, zer gehiago den, zertarako eta nola erabiltzen den, errealitatea islatzeko balio ote duen, mugak jarri behar al zaizkion, txiste on bat zenbat aldiz errepikatu behar den txiste on izateari uzteko… Horrelako galdera potoloetan zailagoa da ados jartzea, eta adituen laguntza baliogarria izan daiteke.
Hori pentsatu du Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteak. Umoreari buruzko Eman dezagun umore! goiburuko solasaldia antolatu du ostegunerako, eta Uxoa Anduaga Berrotaran soziologo hondarribiarra eta Ane Labaka bertsolari lasartearra gonbidatu ditu. Kultur Etxeko 103 aretoan egingo dute, 19:00etan.
Anduaga soziologian doktorea da, eta umorearen barne mekanismoen gaineko Herri barrez: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua doktore tesia aurkeztu zuen 2016an. Bere ustez, garai onak dira umorerako, eta umorea “politikoa” dela uste du: “Umorean beti ematen da iritzi bat, beti hartzen da posizio bat”.
Labakak, aldiz, bertsolaritzan egiten den umorea aztertu izan du, Bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai, genero ikuspegitik izeneko ikerketa-lanean. Umorean egiten duenaren arabera bereizketa egiten du lasartearrak: “Umorea zapaltzea da goitik beherako noranzkoan; behetik gora (edo parez pare) gauzatzean, aldiz, askatzea izan daiteke, erresistentziarako arma”.
Galdera unibertsalei erantzuteaz gain, Euskal Herriko umoregintzan ere murgilduko dira bi gonbidatuak. Euskaldunok graziosoak ote garen, ze umore mota darabiltzagun, zerk egiten digun grazia eta zerk ez, edota bertsolaritzan lantzen den umorea nolakoa den.
Horrelakoak jorratuko dituzte ostegunean Kultur Etxean.