Cortes Amunarrizen azken laburra, Zinegoak jaialdiaren bitartez
Bilboko jaialditik pasatu diren sei lan proiektatuko dituzte ostegunean, horien artean Jose Antonio Cortes Amunarriz hondarribiarraren 'Prendas delicadas'.
Zinegoak film jaialdiko sei film labur proiektatuko dituzte ostegunean Kultur Etxeko areto nagusian, 18:00etatik aurrera. Horien artean Madrilen bizi den Jose A. Cortes Amunarriz zinegile hondarribiarraren azken lana dago, baita aurtengo ekitaldian saritutako bi film: Anders (Publikoaren Film Onenaren Saria), eta Oasis (Senior Epaimahaiaren Film Labur Onenaren Saria). Zinegoaken Hedapenak programaren barruan kokatzen da emanaldia.
Otsailaren 18tik martxoaren 3ra egin zuten Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 16. ekitaldia. Jaialdiaren helburua, zinemaren eta artearen bidez identitate, genero eta sexu aniztasunaren gaietan sakontzea da.
Duela urte batzuk Hedapenak programa abiatu zuten, jaialdira aurkezten ziren lanak Euskal Herrian zehar zabaltzeko asmoz. “Xedea jaialdi honetan aurkeztutako lanak udalerrietara zabaltzea da, zailagoa zaielako lan hauek eskuratzea. Era berean, film hauen difusioan laguntzen da, zine areto komertzialetara ez baitira heltzen pelikula gehienak”, azaldu dute antolatzaileek. Aurten, Hego Euskal Herriko 42 udalerrietara iritsiko da Hedapenak.
Cortes Amunarrizek Prendas delicadas (Jantzi delikatuak) film laburra aurkeztu zuen 2019ko Zinegoak jaialdira. 19 minutuko lana da, lagun baten bisita jasoko duen Albertoren istorioa lantzen duena. Gaztelaniaz errodatuta dago eta hizkuntza horretan ikusteko aukera izango da.
Orotara, sei film labur proiektatuko dituzte Kultur Etxean, denak jatorrizko bertsioan. Hiru gaztelaniaz dira, beste hirurak euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin emango dituzte.
Zinegoak Hondarribian
- Anders (Alexi buruzko zerbait). Reinout Hellenthal, Herbehereak. Jatorrizko bertsioan (nederlandera), azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
- Prendas delicadas (Jantzi delikatuak). Jose Angel Cortes Amunarriz. Gaztelaniaz.
- Devi (Jainkosa). Karishma Dev Dube, AEB. Jatorrizko bertsioan (hindi, bengalera eta ingelesa), azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
- Malik. Nathan Carli, Frantzia. Jatorrizko bertsioan (frantsesez), azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
- Oasis (Alejandro Zuno, Mexiko). Gaztelaniaz.
- Nomeolvides (Ez-nazazu-ahaztu). Ferran Navarro-Beltran, Espainia.