Paperean utzi, kantatzeko jaso
Xanti Zabala 'Lexo' bertsolaria zenaren omeneko kantaldia jasoko du bihar Itsas Etxea Auditoriumak. Ia 40 lagunen parte hartzea izango du.
Txingudi Bertso Eskolak Xanti Zabala Lexo bertsolaria zenaren omeneko kantaldia antolatu du biharko (larunbata). Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean egingo dute, 19:00etan, eta bertaratzea dohainik izango da, eserlekuak bete arte; ateak 18:30ean irekiko dituzte. Bertso eskolako bertso tailerrak prestatu du ekitaldia, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Emanaldiaren alde artistikoa, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak hartu du bere gain.
Astearte goizean aurkeztu zuten kantaldia partzuergoaren egoitzan, Irungo Ducourau jauregian. Bertan izan ziren Abel Zabala bertsolaria eta omenduaren semea, Aitor Errazkin bertso tailerreko arduraduna, eta Irungo eta Hondarribiko Euskara arloko zinegotziak, Monica Martinez eta Arantxa Berrotaran.
Martinezek aurreratu zuenez, “musikaz lagunduriko bertsoak sortuko dituzte emanaldian zehar”, eta proiekzioak ere izango dira ekitaldiaren zati batzuetan.
Orotara, 35 bat lagunek parte hartuko dute kantaldian, “aurkezleak, bertsolariak, musikariak, kantariak, eta teknikariak”. Jende asko, “eskualdeko irudi garrantzitsua” omentzeko. Izan ere, “bertako bertsolari aktiboenetakoa” izan zela gehitu zuen Irungo Euskara ordezkariak.
Lezon 1942an jaioa, Ramoni Elizazu hondarribiarrarekin ezkonduz geroztik Irunen bizi izan zen, eta bertan hil, 2012ko martxoan. Hondarribiarekin harreman handia zuen, ez bakarrik emaztea bertakoa zuelako, lagun asko zituen hondarribiarrak. Horregatik erabaki dute Itsas Etxean egitea, Lezon edo Irunen ere berdin-berdin egin zitekeela adierazi zuten arren.
Abel semeak laburtu zuen Lexoren bertsolari ibilbidea. Bai bat-batekoan baita bertso idatzietan ere “lan eskerga” egin zuela adierazi zuen, “oso gazterik hasi zela”, eta hastapenetan Hondarribiko Fernando Artola Bordari-ren laguntza eduki zuela. “Aitak esaten zuen bere bidez hasi zela, berak eman zizkiola, ez ikastaroak, baina bai halako oinarrizko gomendio batzuk bertsolaritzan hasteko”.
Hogeita bi urterekin hartu zuen parte lehen aldiz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta handik hiru urtera, 1967an, finalera iritsi zen. 1970ko hamarkadan gazteentzako zenbait txapelketetan izena eman zuen eta 1976an Zepai saria irabazi zuen Idiazabalen. Plazaz plaza asko ez zen ibili, “eskualdean batez ere mugitu zen, Irun, Hondarribia, Oiartzun, Lezo, Errenteria, Donostia, inguru honetan”, baina bere garaiko bertsolari handiekin abestu zuela gaineratu zuen Zabalak.
Paperean, aldiz, bertso asko eta asko idatzi zituen Lexok: “150 bertso sortatik gora bilduta daude, baten bat izango da galdutakoa ere. Oso gaztetan hasi zen bertsoak idazten. Lehenengoa 20 urterekin idatzi zuen, eta azkena 2009an, ia 50 urteko jarduna”, kontatu du Zabalak. Lan sozialak lantzen zituen gehienbat “euskararen egoerari buruz, gizartearen egoerari buruz, politikari buruz, baina tartean baziren ere umorezko bertsoak, hildako bertsolariei jarritakoak…”.
Lexok idatzita utzitako bertso horietatik gehienak Auspoa bildumako Udaberriz liburuan jaso zituzten 2013an, eta argitarapen horretan oinarritu dira hautaketa prozesurako. “Larunbateko kantaldia liburu horretan oinarrituta dago nolabait, eta liburu horretatik hartutako hamahiru sortekin osatuko da”, argitu zuen bertsolariak.
Zailena, hautaketa
Errazkinek eman zituen Itsas Etxeko ekitaldiari buruzko xehetasunak. Eskolako bertso tailerretik atera den bigarren proiektua dela esan zuen aurrena. “Orain hiruzpalau urte sortu zen tailerra, proiektu bereziak aurrera ateratzera dedikatzen garena. Hor beti ikusi izan dugu ondarearekiko zor bat badugula. 2016ko urrian Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren omenez kantaldia egin genuen Irunen, eta hura bukatu bezain laster begiz jo genuen Xantiren ondarea”. Eta Lopetegiren omenaldiarekin hasitako bidetik jarraitu dute Lexoren kantaldiari forma emateko.
Biharko, ordu eta erdi inguruko ekitaldia prestatu dutela zehaztu zuen Errazkinek: “Kantaldiaren formatura hurbiltzen saiatu gara. Ekitaldi atsegin bat, baina era berean, Xanti Zabala Lexo zein zen eta bere lana ezagutzeko parada emango digun kantaldi bat”. Itsas Etxeko oholtzara jende asko igoko dela aurreratu zuen, eta antolatzeak “lan handia” eman diela, “urte pareko lana izan da”. Denetik zailena zer izan den kontatu zuen gero: “Zailtasun nagusia plazaratuko genituen bertsoen hautaketarekin izan dugu”.
Bihar Xanti Zabala Lexo-k utzitako bertsoetako batzuk entzuteko aukera izango da Itsas Etxean. Mende erdia eman zuen bertsolaritzari lotuta, plazetan, paperean, baita bi urte eta erdiz Txingudi Bertso Eskolan ere. Bere eskolakideek prestatu duten ekitaldiak ondarearekiko zorra kitatzen jarraitzeko balioko du, baita eskualdeko bertso zaletasunaren oinarriak are eta gehiago sendotzeko ere.
Aurten hamasei urte beteko ditu bertso eskolak
2003an sortu zen Txingudi Bertso Eskola, eta 2007tik partzuergoak kudeatzen du. Eskualdeko Helduentzako bertso eskola gisa sortu zen eta Irun, Hondarribia eta Hendaia aintzat hartzen ditu.
Jaio zenetik eskolaren jarduera eta partaide kopurua hazi baino ez dela egin nabarmendu zuen asteartean Arantxa Berrotaran Hondarribiko Udaleko Euskara zinegotziak. “Lehen urteetan bertso eskola hiru taldez osaturik egon zen, eta 2014an bi talde berri sortu ziren eta mantentzen dira. Irunen, Hondarribian eta Hendaian bertsolaritza sasoi onean aurkitzen dela esan dezakegu”.