Garai batean ehizatu egiten zuten Martxela
Arma Plazak eta SantaMariaMadalenak Hondarribiko Balea jarduera antolatu dute biharko. Haien arbasoek baleak ehizatzen zituztela erakutsiko diete haurrei.
Gauza ezaguna da garai batean hondarribiarrek baleak ehizatzen zituztela. Arpoiaz baleak harrapatzea jasotzen duen Europako irudikapen zaharrena Hondarribiko kontzejuaren 1297 urteko zigiluaren aurkia da, Frantziako Artxibo Nazionalean gordeta dagoena. XIII eta XIX mendeen artean ekonomian garrantzia handia zuen bale harrapaketak. Aspaldiko kontuak dira horiek bai, zaharrenek ere ezagutu ez zituztenak. Baina hiriko ondarearen parte dira, gordetzeko eta zabaltzeko.
Ondare hori transmititzeko xedea duen Arma Plaza Fundazioak Hondarribiko balea goiburuko 6 urtetik gorakoentzako jarduera antolatu du bihar goizerako, SantaMariaMadalena Arte Tailerraren laguntzarekin (lekuak agortu dira). Finean, kontu zahar horien berri eman nahi diete haurrei, buruhandien konpartsan beraiek bustitzen ibiltzen den Martxela balea bezalakoak ugariak zirela Hondarribia parean. Eta bai, haien arbasoek ehizatzen zituztela.
Tailerra, Arma Plaza kultur eta informazio guneko bigarren solairuan egingo da, baina hasi, pisu bat beherako hasiko dutela esan du Juan Luis Silanes Arma Plaza Fundazioko presidenteordeak. “Lehen solairuan kokatzen den Hondarribiko historiaren inguruko erakusketa iraunkorra oinarri hartuko dugu. Zehatzago, Hondarribiko Portu auzoko San Pedro kalean aurkitu ziren balea hezurrak izango dira ardatza”.
Hala, lehen ordu erdian, bale harrapaketaren inguruko azalpenak jasoko dituzte haurrek: “Hondarribian baleak ehizatzen zirela kontatuko diegu, hemen inguruan ehizatzen zen balearen ezaugarriak zeintzuk ziren aipatuko ditugu, eta horrek guztiak Hondarribian zer nolako garrantzia izan duen eta oraindik izaten jarraitzen duen azalduko diegu”.
Herriko ondare material zein immateriala balioan jartzeko Arma Plaza Fundazioak antolatzen dituen ekintza gehienak publiko helduari zuzenduak izaten dira: hitzaldiak, bisita gidatuak, erakusketak… Baina Hondarribiko Balea ez da haurrak helburu egiten duten lehenengoa. Besteak beste, Ezagutu Hondarribia goiburuko unitate didaktikoak argitaratzen hasi ziren iaz. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan hiriko ondarea lantzeko oinarriak biltzen ditu, eta iaz kaleratu zuten lehen unitatean Martxela balea da protagonistetako bat.
Silanesek nabarmendu duenez, berezkoa du haurrak jakin mina, eta hori baliatu nahi dute haiekin ondarea lantzeko, bai ikastetxeetan, baita eskola kanpoan ere, bihar egingo duten bezala: “Umeak, gauzen funtzionamenduaren eta haien inguruarekiko jakin min handikoak dira. Haien burua modu atsegin zein arinean kontatu ahal dizkiegun istorioetara oso harkorra da, horregatik haiei zuzendutako hiriko ondarearen hedapen ekintzak aurrera eramatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu”.
Itsasoak ekarritakoak
Bitan banatuko da biharko jarduna. Lehenik, ordu erdiko azalpena lehen solairuan. Bigarrenik, ordubeteko tailerra, bigarrenean. “SantaMariaMadalena Arte Tailerraren eskutik eskulanetan ibiliko gara. Umeek, oroigarri moduan, etxera eraman ahal izango duten balea landuko dute”, erantsi du fundazioko presidenteordeak.
SantaMariaMadalenako Naiara Goikoetxeak hartu du tailerra prestatzeko ardura. Berak aurreratu du izena eman duten haurrek zer egin beharko duten: “Harriarekin eta plastilinaz egindako bale polit bat egingo dugu. Pintura akrilikoa ere erabiliko dugu tailerrean”.
Garai batean Kai Zaharretik ateratzen ziren hondarribiarrak baleak ehizatzera. Eta tailerrerako, itsasoak Kai Zaharrera ekarritako harriak erabiliko dituzte. Goikoetxeak azaldu duenez, elementu naturalak erabiltzea asko gustatzen zaie tailerrean, eta haurrekin landutako azken talde-lana erakutsi digu: “Itsasoak ekarritako adar handi hau hartu eta margotu zuten, hurrengoan adaxkak hartzera joan ginen, eta azkenik dena elkartu artilea eta sokak erabiliz, eta horra hor emaitza: Udaberria. Haurrak hain gauza xumeekin disfrutatzen ikustea oso-oso polita da”.
Hondarribiko, eta Euskal Herriko, kostaldeko ondare naturala balioan jarriko dute bihar Arma Plazan. SantaMariaMadalenakoei ez zaie arraroa egingo: “Betidanik saiatu gara gure inguruko ondasuna eta kultura aintzat hartzea. Egin izan ditugun hainbat proiektuetan itsasoa, herriko arkitektura, mendia, arrantza… izan dira protagonistak”.
Horregatik, azaldu du, eskulan baino gehiago dira tailerrak beraientzat: “Ez da trebetasun kontu bat bakarrik. Haurrak momentuan egiten ari direnaren inguruan hausnarketa bat egin dezatela da gure helburu nagusia”. Bihar, balearen irudia landuko dute, “eta honekin batera gure herriak itsasoarekin duen lotura, gure arbasoen bizimodua ezagutu, eta gure ondarea zaindu eta estimatu”.