Agintaldiko balantzea egin dute jeltzaleek
Agintaldi plana %80an bete dutela esan du Txomin Sagarzazu alkateak.
Agintaldiaren balantzea emateko agerraldia egin du Hondarribiko Udal Taldeak gaur goizean Damarri plazako batzokian. Hamar zinegotzietatik sei azaldu dira komunikabideen aurrean, horien artean Txomin Sagarzazu alkatea eta gobernuko ardurak dituzten Juan Mari Altuna, Arantxa Berrotaran, Maria Serrano eta Juan Luis Kalixa Silanes. Hondarribiko Uri Buru Batzarreko presidente Xabier Zabalak aurkeztu du taldea, eta “orain dela lau urte emandako hitzaren berri emateko” elkartu direla azaldu du.
Zabalaren hitzetan, “elkarrizketa, kontsentsua eta akordioa” izan dira udaberrian lau urte beteko dituen agintaldiko zutabe nagusiak. “Jakin badakigu hondarribiar guztiontzat gobernatu behar genuela, beraz, helburuak lortzeko kemena kontsentsuan, eta beste taldeekin elkarrizketan oinarritu da, beti akordioaren bila”. Azken aurrekontuak jarri ditu Zabalak horren adibide. Udalaz harago ere, udal gobernuak beste erakundeekin akordioak lortzeko gaitasuna erakutsi duela nabarmendu du Hondarribiko jeltzaleen presidenteak.
Sagarzazuk, jeltzaleek azken udal hauteskundeak gehiengo osoz irabazi eta gero aurkezturiko agintaldi-planaren betetze maila “handia” izan dela nabarmendu du: “Gaur egun %80 inguru beteta dago, bai 28 proiektu esanguratsuei dagokionez, baita beste 46 proiektuei dagokionez”.
Alkateak azken ia lau urteko “emaitza nagusiak” zerrendatu ditu. Lorturikoen artean, Portuko eta Alde Zaharreko hainbat kaleen berriritartze lanetara hiru milioi eta erdi euro inbertitu izana, Muliate II etxebizitzen promozioa burutu eta Presa I eta II sustapenak hitzartu izana, eta gizarte premia duten pertsona eta familiei aholku eman eta laguntzera bost milioi bideratu izana nabarmendu ditu. Beste adibide batzuk jarri ditu Sagarzazuk agintaldi plazaren betetze maila altua izan dela berresteko: kultur ekipamendu berrietan programazioaren sendotzea eta ondarearen gizarteratzea, Zuloaga Etxearen berritzea eta zerbitzuaren hobetzea, “euskararen konpromezuari itxeki” eta Euskaraldia babestea, Mendelu berriaren proiektuaren abiatzea, herria garbi mantentzea, herriko elkarteen jardueren babesa, eta jaurlaritzarekin eta aldundiarekin zenbait proiektu burutzeko ados jartzea. Azken atal horretan, farolako errepidearen konpontze lanak eta Ospitaleko eta Amuteko biribilguneak gogora ekarri ditu.
Lortutakoarekin pozik azaldu den arren, lortu ez direnetako batzuez ere hitz egin du alkateak, eta hutsuneak arrazoitu ditu. Esaterako, Udal Artxiboa Egiluz jauregian ez mugitzea “lege aldeko mugengatik” izan dela esan du. Puntaleko bigarren enpresa mintegia eta Santiago kaleko eta Arrantzale Auzoko berriritartzeak atzeratzea, edota Donostia kaleko aparkalekuan urratsik eman ez izatea, aldiz, “beste lehentasun batzuk” egon direlako izan dela.
Agerraldia bukatzeko, udal taldeko kideei eskerrak eman dizkie Sagarzazuk. “Talde sendoa” izan dela adierazi du eta, hori horrela, “udal kudeaketaz gain, herritarrekin hartu emanetan aritzeko” aukera izan dutela.