Hondarribia Arraunek EuskoTren Ligan bogatuko du
San Juanek uko egin dio eta hondarribiarrek beteko dute 'bateleren' hutsunea.
Hondarribia Arraun Elkarteko nesken trainerua EuskoTren Ligan lehiatuko da aurten ere. Pasai Donibane-Koxtapek uko egin dio maila gorenari, eta Bertako Igogailuak Hondarribia traineruak beteko du batelerek utzitako lekua.
Iker Cortes entrenatzaileak HITZAri baieztatu dionez, dagoeneko sanjuandarren hutsunea betetzeko gonbita jaso du Hondarribia Arraunek, irailaren 15-16ko play-offean bigarren geratu zirelako hondarribiarrak. “Ez da amestutako igoera baina pozik gaude. Azken finean beste urte batez lehen mailan egotea da, eta iaz egindako lanaren ondorioa da”.
Orio, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarrarekin lehiatuko da Hondarribia EuskoTren Ligan. Hori horrela, Cortesek uste du mailari eusteko borrokatzeko moduan egongo dela Hondarribiko trainerua: “Orain iazko akatsak zuzendu beharko ditugu, ez errepikatzeko asmoz. Helburua urte askoz maila gorenean mantentzea izango da”.