Egiluze ikastetxeak Peace Run erakundearen liburuan parte hartu du
Nazio Batuen idazkariak jasoko du liburua martxoan.
Hondarribiko Egiluze-San Jose ikastetxeak Nazio Batuen Erakundeko (NBE) presidenteak jasoko duen liburu batean hartu du parte. Peace Run gobernuz kanpoko erakundearen liburua da: “Proiektu honetan, mundu osoko ikasleek haien bake mezuekin Voces por la Paz (Bakearen aldeko ahotsak) liburua osatu dute. Marrazkiak, esaldiak, olerkiak… biltzen dira liburuan, bakea lortzeko nahia adierazten dutenak”, azaldu du ikastetxeak.
Peace Run erakundeko kide bat NBEko idazkari Antonio Manuel de Oliveirarekin elkartuko da martxoan, liburua emateko.
Sri Chinmoy bakezale eta artista bengaliarrak sortu zuen 1987an Peace Run erakundea eta izen bereko lasterketa sinbolikoa, munduan bakearen aldeko mezua zabaldu asmoz. Lehen ekitalditik 150 herrialde zeharkatu ditu, eta 10 milioi pertsona baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin.
Iazko ekitaldia Sofiatik (Bulgaria) abiatu zen otsailaren 27an eta Lisboan bukatu urriaren 8an, Europa goitik behera zeharkatu eta gero. Hondarribitik irailaren 25ean pasatu zen eta Egiluze ikastetxeak bat egin zuen helburu solidarioa duen ekintza sinbolikoarekin.