Urbil Artola: "Gustura nabil proiektu ezberdinetan sartuta"
Jon Gurrutxagaren proiektu pertsonalenean parte hartu du hondarribiarrak. Ostegunean Kultur Etxean aurkeztuko dute, biko formatuan.
Denboraldi luze batez zuzenekoak albo batera utzita eduki eta gero, azken bizpahiru urteetan berriro jo eta su ari da Urbil Artola musikari hondarribiarra. Ostegunean 20:00eta Kultur Etxean joko du Jon Gurrutxagarekin batera, elgoibartarrak udazkenean kaleratu zuten Kateak (Gaztelupeko Hotsak) disko pertsonalena herrikideen aurrean aurkezteko.
Iaz Maider Zabalegiren taldearekin ikusi zintugun Itsas Etxean. Ostegunean, aldiz, Jon Gurrutxagarekin Kultur Etxean joko duzu. Baina badituzu beste proiektu batzuk esku artean, ez?
Bai. Azken aldian lanpetuta eta gustura nabil proiektu ezberdinetan sartuta. Musikari berriak ezagutu, errepertorio berrietara egokitu… Aurretik jorratu gabeko estiloetara hurbiltzen ari naiz eta aberasgarria izaten ari da oso. Jon Gurrutxagak iaz argitaratu zuen Kateak diskoan lagundu nuenetik, zuzenekoak elkarrekin eskaintzen ditugu. Maiderrek 2017an bere bakarkako ibilbidea hasi zuenetik ere laguntzen dut. Bidean da bigarren lana eta zuzenean aurkezten hastekotan gaude; martxoaren 23an izango da Oiartzunen lehen kontzertua.
Howdy bluegrass taldean nabil ere buru-belarri, eta apirilean gure lehenbiziko diskoaren grabaketarekin hastekotan gaude. Bestalde, Palermo eta Dublinetik hondarribiratu ziren bi lagunen elkarlanetik Maribop taldea sortu da; lagunak ditut eta proiektu berriko kide naiz ere. Eta azkenik, Iker Laurobak ekainean zenbait emanaldi elkarrekin egiteko gonbita luzatu dit; ere azken bi lanetan hartu nuen parte, azkenekoa Udazkena 2018ean argitaratua.
Duela lauzpabost urte talde gabe zinen, zuzeneko musika utzita. Orain lauzpabost proiektutan zabiltza. A ze aldaketa!
Bai, kasu guztietan ez, baina gehienetan diskoan kolaboratzea izan da zuzenekoetarako abiapuntua. Musikan murgildu eta besteengandik ikasteko oso aitzakia ederrak guztiak.
Jon Gurrutxaga izango duzu ondoan Kultur Etxean. Berak ere badu ibilbide luze bat, abeslari eta musikari bezala. Nolakoa da azken proiektu hau. Zein musika estilo darabiltzazue?
Jonek bere ibilbidean rocka eta bluesa izan ditu bidelagun nagusi eta Kateak-en hor dagoen oinarri garrantzitsu bat dela. Arima Beltza eta Jon & Sugramas -Gurrutxagaren taldeetako bi- entzun eta berehala ohartu zaitezke hortaz. Baina bakarlariei askotan gauza bera gertatzen zaie, etxean gitarra akustikoa jotzen hasten dira eta berezkoa duen alde pertsonal hori ateratzeko gai direla. Jonek ere hori du, egiteko eta sortzeko beste modu ezberdin batekin egiten du topo, eta modu intimoago batean adierazteko gai da. Kateak, horren isla da.
Esan daiteke, orduan, Gurrutxagaren proiektu pertsonalena dela Kateak. Nola egokitu zara zu bertan?
Abesti biluzi horiek jantzi ahal izateko zabaltzen diren espazio eta mundu horietara egokitzen saiatzen naiz ni. Jonek bakardadean sortzen dituen mundu horietan murgiltzen naiz, eta laguntzen diot, baina biluztasun hori gehiegi aldatu gabe laguntzen saiatzen naiz.
Udazkenean argitara eman zen diskoa. Ordutik, kontzertu dezente eman dituzue. Nolako harrera izan du diskoak zuzenean?
Harrera oso ona izaten ari gera. Ondarroako Redstone zikluk-en eman genuen lehen emanaldia, eta ordutik dezente ibili gera eta udara bitartean baditugu ere aurrean batzuk. Udazkenerako ere ari zaizkigu deitzen, udazkena ere itxura polita hartzen hasi da.
Eman dituzue kontzertuak laukote gisa ere, baina Hondarribira biko formatuan zatozte. Zu zeinetan zabiltza gusturen?
Bietan sentitzen naiz eroso. Zentzu batean baliteke duoan ardura pixka bat gehiago izatea, baina oso ondo pasatzen dut isiluneak bilatzen eta espazioak betetzen. Bi ahots eta lau instrumenturekin inguratuak agertuko gara oholtzan. Jonek bi gitarra akustiko eramango ditu, eta nik dobroa eta weissenborna.
Herritarren aurrean berriro. Nolako emanaldia izango da zuretzat Kultur Etxekoa?
Neretzako zentzu batean bereziagoa izango da, lagun eta ezagun askoren aurrean joko dudalako. Bestela, orain arte eskaini ditugun emanaldi guztiak bezala, ederra izango dela uste dut. Jon eta biok oso ondo pasatzen dugu elkarrekin jotzen eta hori nabaritzen da oholtza gainean.