Baleak harrapatzea haurren kontua da
Arma Plaza Fundazioak eta SantaMariaMadalena arte tailerrak 'Hondarribiko balea' haurrentzako tailerra antolatu dute larunbaterako.
Arma Plaza Fundazioak Hondarribiko balea goiburuko tailerra antolatu du larunbaterako, hilak 16, SantaMariaMadalena arte tailerrarekin batera. 6 urtetik gorako haurrentzako jarduera da. 11:00etatik 12:30era egingo dute, Arma Plazako kultur eta informazio gunean.
Haur bakoitzak berak eginiko bale bat eramango du etxera. Horretaz gain, garai bateko bale harrapaketari buruzko informazioa jasoko du. Hondarribiarrek harrapatzen zituzten baleak nolakoak ziren, nola harrapatzen zituzten, noiztik ez dira harrapatzen… Horrelako galderen erantzunak ikasiko dituzte.
Jarduera doakoa da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik Arma Plazan erreserba egitea. Telefonoz egin daiteke, 943 64 36 77 zenbakira deituta, edo Arma Plazaren posta elektroniko helbidea idatziz.
Sarearen hilabetea
Larunbateko tailerra, Arma Plaza partaide den Euskal Kostaldeko Museoen Sarearen hilabetearen barruan kokatzen da. Interpretazio zentroak eta bestelako ondare baliabideak batzen dituen elkarlanerako topagunea izateko sortu zuten sarea. Bidasoan, Arma Plaza Fundazioa, Oiasso Erromatar Museoa eta Txingudi Ekoetxea daude sarearen barruan.