Xakeko eskolartekorako sailkatze proba, ostiralean
Eskualdeko benjaminak, kimuak eta haurrak lehiatuko dira, Gipuzkoako Txapelketa helburu. Txikiagoek xake festa egingo dute.
Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketara sailkatzeko proba egingo dute ostiralean Irungo Kateako auzo egoitzan (Bizkaia, 15). Hondarribia-Marlaxka Xake Elkartea antolatzen ari da, Gipuzkoako Xake federazioarekin elkarlanean.
Hiru mailetan banatuko da lehia, Benjamin, Kimu eta Haurren mailetan; nahitaezkoa da jarduneko ikasturtean eskola kirolean izena emanda egotea.
Joko sistema suitzarra izango da, hamar minutuko bost partidara. Txapelketa 18:00etan hasiko da eta, dena ongi, 20:20ak aldera banatuko dituzte sariak.
Txikientzako, xake festa
Eskolarteko txapelketarako sailkatze proban 2005 eta 2010 urte bitartean jaiotakoek parte har dezakete bakarrik. Baina txikiagoentzako ere badute plana ostiralean.
Xake festa prestatu dute 2011 urtean edota geroago jaiotakoentzako, xakean ari direnentzat bezala, baita eta xakera gerturatu nahi dutenentzat ere. Hala, hiru jarduera prestatu dituzte: bost minutuko partida azkarrak, oroimen jokoak eta piezak ipintzea. Izena ematen duten guztiek oparia jasoko dute gainera.
Bai txapelketarako, baita xake festarako, izena eman behar da. Interesa duenak ostegunera arte du aukera. 635 70 27 45 telefono zenbakira deitu behar du, edo posta elektronikoz idatzi. Izena ematerako orduan honako datuak zehaztu behar dira: izen-abizenak, jaiotze urtea eta herria edo eskola.