Jaizkibel V, cromlech "perfektua"
Euskal Herrian aurretik ezagutzen zirenak baino konplexuagoa den egitura megalitiko bat aurkeztu dute gaur goizean.
Euskal Herrian aurretik ezagutzen zirenak baino konplexuagoa den egitura megalitiko bat aurkeztu dute gaur goizean. Jaizkibel V izena jarri diote eta “harri zirkulu perfektua” dela esan du Aranzadi Zientzia Elkarteak, orain arte Euskal Herrian agertu den cromlech edo mairubaratza konplexuena.
Aranzadik berak egin ditu arkeologia lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirola Departamentuaren eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Gaurko aurkezpenean, Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusia, Manu Zeberio arkeologia lanen zuzendaria, Denis Itxaso Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea egon dira.
Monumentu megalitikoak ikertzen Aranzadik eskarmentu handia du, baina “aurrez ikusitakoa baino egitura konplexuago” gisa aurkeztu dute Jaizkibel V. “Arkitektonikoki berezia den monumentua” dela nabarmendu dute. Lanak zuzendu dituen Zeberioren hitzetan, “zirkulu perfektua” da Jaizkibel V: “Harri zirkulu perfektua da, handixeagoak diren bi harri bereizten dira, forma bereziak dituzte eta aurrez aurre jarrita daude, IE-HM orientazioarekin”.
Gaur aurkeztu dutenaz gain, mairubaratza gehiago daude Jaizkibel V cromlecharen inguruan. Hala aurreratu du Aranzadiko arkeologoak: “Normalean pertsona bakoitzarentzat monumentu bat egiten zuten eta Jaizkibel V-en inguruan horrelako egitura gehiago daude, oraindik induskatu gabe”.
Are gehiago, gaur aurkeztutako cromlechean ere lanean jarraitu behar dutela jakinarazi du arkeologia lanen arduradunak: “Oraindik ez gara biltegiaren mailara iritsi, baina ikerketa guztiek esaten digute ganbararen aztarnak egituraren erdigunean egon beharko liratekeela”.
Duela 2.000-3.000 urtekoa
Brontze Aroko monumentu megalitikoak dira cromlechak, duela 2.000 eta 3.000 urte artekoak. Pertsona baten errausketatik ateratako hondakinak jasotzeko egiten ziren. Monumentuaren erdigunean kamera txiki bat eraikitzen zuten eta bertan jartzen zituzten erraustutako pertsonaren errautsak. Hilobi gisa erabiltzeaz gain, “populazio baten lurraldea markatzeko ere” eraikitzen ziren monumentu megalitikoak.
Zeberiok zehaztu duenez, lurrean etzanda azaltzen diren bi harri handienak zutik irudikatu beharko genituzke, lauzen jatorrizko posizioa bertikala zelako: “Gaur egun monumentu hauek horizontalean ikusten dira, harriak erori egin baitira denboraren poderioz, baina lauzen jatorrizko posizioa bertikalean izango litzateke”, azaldu du arkeologoak.