Familientzako suspertze tailerra egingo du DYAk igandean
Eta lehen sorospenen gaineko doako hitzaldia asteartean.
Gipuzkoako DYAk familientzako bihotz-biriketako suspertze (BBS) tailerra egingo du igandean (hilak 10) Hondarribian, 11:00etatik 13:00etara. Heldu bakoitzak sei urtetik gorako bat, bi edo hiru umerekin eman dezake izena. “Modu erraz eta praktiko batean, bihotz-geldialdi bat identifikatzen eta honen aurrean jokatzen ikasiko dute”, adierazi du DYAk.
Tailerra doakoa da 17 urtetik beherakoentzat; helduek 8 euro ordaindu behar dute.
Astearterako (hilak 12), aldiz, lehen sorospenen gaineko doako hitzaldia programatu du DYAk. Bi ordukoa izango da, 19:00etatik 21:00etara egingo dute. “Hainbat gai landuko dira, horien artean itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak, konorte galerak…”, aurreratu dute. Doakoa izanagatik, lekuak mugatuak dira, “prestakuntzaren kalitatea bermatzeko”.
Igandeko tailerrean edo astearteko hitzaldian izena eman nahi duenak, 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu edo Gipuzkoako DYAren webgunea bisitatu behar du. Bi jarduerak DYAk Hondarribian duen egoitzan egingo dira (Soroetagain, 6-7 behea).