Borroka, muturreraino
Alba Sotorra zinegile katalanaren 'Arian Komandantea' proiektatuko dute igandean Itsas Etxean, Emakumearen Astearen barruan.

Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak antolatuta, Alba Sotorra zinegile katalanak zuzenduriko Arian Komandantea (Commander Arian) dokumentala proiektatuko dute hilaren 10ean Itsas Etxea Auditoriumean. Emeki Emakume Elkarteak eta Hondarribiko Udalak prestatu duten Emakumearen Asteko ekitaldi zerrendako azkena izango da, eta 17:30ean hasiko da. Sarreren prezioa 3 eurokoa da (erosi).
Grezian dauden errefuxiatuei laguntzeagatik nabarmendu den arren, Greziatik kanpora begira ere egin ditu ekintza solidarioak Hondarribia-Katsikasek, eta ekintza horietako batzuetako helburu izan dira errefuxiatu kurduak. Besteak beste, janaria, arropa, eta botikak bidali izan dituzte Siria iparraldeko nahiz Irakeko kanpalekuetan babesten diren errefuxiatu kurduentzat. “Ia hiru urte daramatzagu batez ere gerratik ihesi Europara iritsi diren errefuxiatuei laguntzen. Proiekzio honen bitartez, Estatu Islamikoaren (EI) kontra borrokatzen geratu zirenen errealitatea jaso nahi izan dugu”, adierazi dute boluntarioek.
Lehen asmoa, zuzendariak berak filma aurkeztea zen, baina asteburu honetan Rojavara [Siriako Kurdistan] itzuli behar du: “Ezingo dut Itsas Etxean egon, baina bideotxo bat grabatuko dut pelikula aurkezteko. Polita izango da, Rojavara bidaiatzera zerk bultzatu ninduen kontatuko dudalako”.
EIaren aurka ari diren Emakumeen Babes Unitateak (YPJ) dira dokumentalaren protagonistak. Zehatzago, 2014a eta 2015a artean Kobane hiriaren defentsa lantzen du filmak, ekialdeko fronteko arduradun Arian komandantearen istorioa abiapuntu duela. Zuzendariak azaldu duenez, emakume horien borrokaren berri izan orduko sentitu zuen kontatzeko beharra. “Bereziki emakumeen kontra EI burutzen ari zen izugarrikeriak kontuan izanik, sinestezina iruditzen zitzaidan emakumeak izatea munstro horien aurkako borrokan indartsuen aritzen zirenak. Euren borroka feminista partekatu nahi nuen eta, emakume eta zinegile gisa, hura guztia dokumentatzeko beharra sentitzen nuen”.
Borrokaren kontakizuna egiteko asmoarekin bidaiatu zuen, baina, Kobanen, beste zentzu bat hartu zuen errodajeak: “Han nengoela, askapen baten kontakizuna izango zela erabaki nuen, Kobaneko askapena”. Arian komandantearen itzala bilakatu zen, eta, kamera eskuan, borroketan murgildu zen: “Setioa amaitzeko operazioan parte hartu nuen. Esperientzia gogorra izan zen, beldurra pasatu nuen, baina pribilegiatua naiz emakume honekin bizitzaren zati bat partekatu ahal izateagatik”.
Ezustean, bigarren zatia
2015eko udaberrian eta udan hartu zituen irudiak. Hilabete batzuk geroago, muntaketa lanak burutzen ari zela, telefono deia jaso zuen Sotorrak: “Arian larri zauritu zutela esan zidaten, eta uste zutela ez zela aurrera egiteko gai izango. Lehen hegazkina hartu nuen”.
Hurrengo asteetan gudalburuaren zaintzaz arduratu zen zinegilea: “Garbitu, orraztu, zauriak zaindu… Bost bala jaso zituen gorputzean, deseginda zegoen, baina ez zuen bere burua garaitutzat emango, galtzaileek bakarrik egiten dutelako hori”. Egoera horren aurrean, errodatzen jarraitzea erabaki zuen, “eta pelikula askoz intimoagoa eta pertsonala bilakatu zen, bizitza-lezio bat”.
Hala, pelikulak bi kontakizun ditu. Bata, iraganekoa, Arian komandantearen gidaritza jarraitu eta gerrillarien egunerokoa lantzen duena. Eta bestetik, orainaldikoa, gerra-zauriengatik sendatzeko komandantearen borroka jasotzen duena. “Borroka horretan garaile atera da, baina zauritutako kide askok bezala, emakumeen askatasunaren alde borrokatzeko modu berriak aurkitu beharko ditu Arianek”, gaineratu du zinegileak.