Gabongo sugegorriaren itzal luzea
Gertatutakoak bertoko espezieei kalte egingo diezaielako beldur da Aranzadi. Sugeei "errespetua" eduki behar zaiela esan du, "beldurrik ez".
‘Badira New Yorken eta Hondarribian bakarrik gertatzen diren gauzak’. Hala dio bertoko esaera batek. Ez dira asko izaten, urtean bizpahiru edo bakarrik. Joan den astean azkena: Gabongo sugegorri bat ikusi zuten Jaitzubiko paduretan, oso pozoitsua, bost zentimetroko letaginak zituena, elefante bat hiltzeko gaitasuna lukeena. New Yorken eta Hondarribian bakarrik gertatzen diren besteekin alderatuta, sugegorriarena fake new-a izan zen, asmatutako albistea.
Alarma guztiak ostegun goizetik aurrera piztu ziren arren, Aranzadi Zientzia Elkarteak bezperatik zuen ustezko agerpenaren berri. Hala azaldu du Ion Garin elkarteko Herpetologia saileko kideak: “Ustezko begiztatzea asteartean izan zen [goizeko bederatziak aldera]. Salaketa biharamun goizean jarri zuten, eta guri asteazken arratsaldean abisatu ziguten. Bi dei jaso genituen, Hondarribiko Udalarena, bat, eta Gipuzkoako Basozainen Elkartekoa, bestea”. Eta alertan jarri ziren, “bagenekielako ez zela bertoko espeziea, eta oso pozoitsua zela”.
Gertakariaren eremura itzuli dira aste honetan Garin eta Ane Fernandez Arrieta lankidea. Haserre daude gezurrezko albisteak izan dituen ondorioengatik, eta beldur dira bertoko suge eta sugegorriengan negatiboki eragin dezakeelako. “Oso jazarriak daude, eta honek jende batek dien beldurra areagotu dezake”. Horretarako arrazoirik ez dagoela ziurtatu dute.
Salaketa jartzeko unean aurkezturiko argazkian azaltzen zen itzalari eta hostoei erreparatuta, Aranzadiko herpetologoek asteazkenetik bertatik uste zuten albistea ez zela egiazkoa, “susmoa genuen, baina ez ginen erabat ziur”. Horregatik, ikerketa abian zen bitartean, eta espeziearen arrisku maila kontuan izanik, bilaketan parte hartzea erabaki zuten. Asteazkenean bertan elkarteko kide bat hurbildu zen ingurua miatzera eta ostegunean beste bi batu ziren bilaketa lanetara. Ane Fernandez Arrietak azaldu duenez, miatzeaz gain, xafla berezi batzuen bidez ere egin zuten saiakera. “Fibrozementuzko xafla batzuk jartzen dira, egunez berotu egiten direnak eta gauez bero hori mantentzen dutenak. Sugeek beroa maite dutenez, xaflen azpian babestu izaten dira gauez”. Bertoko espezieekin egiten duten teknika da eta ez zuten oso argi espezie tropikal bat erakartzeko balioko ote zuen, baina, azken errekurtso bezala, xaflak jartzea erabaki zuten.
Baina ostiral goizean ez zen Gabongo sugerik azaldu, bai, ordea, kazetariak, horietako batzuk ere urrutitik iritsitakoak. “Gure asmoa hamaiketan xaflak ikuskatzera sartzea zen, ordu horretatik aurrera hasten delako beroa, baina zortzietarako kazetariz beteta zegoen hau”.
Zigor «eredugarria» espero dute
Ostiral goizean berriro ireki zuten padurarako sarbidea. Bertan behera geratu ziren lanak, Ertzaintzaren eta Udaltzainen ikerketak gezurrezko albistea zela ondorioztatu zuenean. Aranzadiko kideak euren lanetara itzuli ziren, baita bilaketan lagundu zuten Gipuzkoako Basozainen Elkarteko langileak, udaltzainak eta ertzainak ere.
Hori da gertakarien kronologia, edo kontatu daitekeena behintzat. Gainontzekoa epaileak entzun beharko du zer neurri hartu erabaki aurretik. 40 urteko emakume bat dago inputatuta. Garinek uste du gertatutakoa larria dela, eta zer ezin den egin argi utzi behar dela: “Ez dakit isuna garrantzitsuena izan behar duen, baina eredua eman behar da, zeharkako kalte asko sortzen direlako”. Kalte horietako batzuk zenbatzeko zailak izan daitezke, baina adibide bat jarri du Fernandez Arrietak: “Egun horretan sutea piztu zen Ernio mendian, eta Gipuzkoako Basozainen parte bat hemen zegoen, sugegorriaren bila, eta ez han”.
Besteak beste alarma soziala eragiteagatik epaituko dute inputatuta dagoen pertsona. Kazetariek alarma hori pizten lagundu ote duten baieztatu gabe, gertakaria lantzeko komunikabide batzuen moduagatik oso kritiko azaldu dira bi herpetologoak, herritarrek sugeak ikusteko modua aldatu dezaketelako. “Kazetariek eragin dezakete argi eta garbi —iritzi du Fernandez Arrietak—. Eragin dezakete albisteak ematen dituzten moduaren arabera, modu sentsazionalistan jokatzen badute, sugeen itxura okertu dezaketelako”. Halaber, ostiral goizean paduretan bertan azaldu ziren kazetarien galderekin kexu azaldu da Garin: “Galdera guztiak zentzu berean zihoazen, nolako letaginak zituen, munduko pozoitsuena ote zen, ahalik eta tamaina handiena izatea bilatu dute, esaten bagenien metro batekoa zela, ia bi metrora luzatzen zuten…”.
Ikusteko dago horrek zein kalte egiten dien bertoko espezieei, baina Garinek zalantza du kasu honetan informazioa behar bezala bideratu ote den: “Ez dakigu sugeekin dagoen beldur horiek baretu ditugun eta dimentsioan jarri, ez dakit zein puntutaraino kasu honek kalte egingo dion sugeen inguruko uste okerra gezurtatzeko abian dugun sentsibilizazio kanpainei”. Izan ere, Euskal Herriko sugeek duten arazo handiena gizakiaren bidegabeko beldurra da: “Urtero suge asko hiltzen ditugu, beldur diegulako”. Beraien hitzetan, sugeei errespetua eduki behar zaie, bakean utzi behar zaie, eta ez ukitzen saiatu. “Beldurrik ez, baina errespetua bai”.
Kontrolaren beharra
Lau haizeetara horrela zabaldu bazen ere, azkenean ez zen Gabongo sugegorririk Jaitzubian. Baina, ‘egon al zitekeen?’ Galdera hori ere bolo-bolo entzun da egunotan. Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko kideen arabera “zeinek eta zein animalia dauzkan” gehiago kontrolatu beharko litzateke. Garinek merkatu legala eta ilegala bereizi ditu: “Horrelako espezieak legalki edukitzeko oztopo asko dago. Horregatik, legalki suge arriskutsuak dituztenak gehienbat dibulgaziorako guneak izaten dira”. Baina Interneten denetarik aurkitu daitekeela nabarmendu du: “Ez dakigu zein puntutaraino dagoen hedatuta, baina egon badago. Espezie askoren Interneteko salmenta ikaragarria da, bertako espezieak ere saltzen dira kasu askotan. Eta hori ez da ikertzen”.
Orain urte eta erdi inguru Madrilen gertaturiko kasu baten berri eman du herpetologoak: “Pertsona batek etxean kriskitin-suge mota bat zuen, ilegalki lortutakoa. Jaten ematerakoan koska egin zion, eta ospitalera joan zen parke batean krotalo batek koska egin ziola esanez. Noski, besteak harritu egin ziren, sugea krotalo bat zela zekielako. Polizia bere etxera gerturatu zenean ilegalki lortutako sugea aurkitu zuen bertan”.
Horrelakoak izan badirelako, eta arriskutsuak izan ala ez, animaliak edukitzearen inguruan eztabaidatu behar dela uste du Garinek: “Bioaniztasunak duen mehatxu handienetako bat kanpoko espezien barneratzea da. Eta ez horretan bakarrik, ekonomian, zebra muskuiluaren kasuan adibidez, eta osasunean ere kalte egin dezakete kanpotik barneratutako espezieek”.
Garin bat dator elkartekidearekin, eta gaineratu du maskotak ez direla kapritxo bat. “Maskoten inguruan jendeak argi eduki behar du ezin dela kapritxo bat izan, bizitza osorako zerbait da. Arrainak, dortokak edo bestelako animaliak dauzkagunean, jakin hil artekoa dela. Hori eskatu behar zaio jendeari, horretaz jabetu daitezen”. Eta eskaera egin du, damutuz edo maskotaz nekatuz gero, sekula ez dela animalia naturan libre utzi behar, ezta ustez arriskutsuak ez direnak ere: “Aldundira deitu, basozainek jasotzen dituzte”.
Euskal Herrian 11 daude, Oarso Bidasoan zazpi
Sei suge eta sugegorri bat aurkitu daitezke eskualdean. Kantauriko sugegorria da pozoitsua den bakarra baina, sugeak bezala, ez da erasokorra eta oso zaila da hozka egitea.
Zazpi dira Bidasoan eta Oarsoaldean aurkitu ditzakegun suge eta sugegorriak. Sugegorri bakarra da, Kantauriko sugegorria (Vipera seoanei). Eta sei suge: Suge gorbataduna (Natrix astreptophora), suge biperakara (Natrix maura), iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca), hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica), Eskulapio sugea (Zamenis longissimus) eta suge berde-horia (Hierophis viridiflavus).
Sugeak ez bezala, sugegorria bai da pozoitsua. Horregatik, inportantea da sugeak eta sugegorriak bereizten jakitea. Fernandez Arrietak alde handienak zerrendatu ditu: “Sugegorriek begi-nini bertikala dute, burua nabarmen hiruki formakoa, eta gorputza potoloa eta buztan laburrekoa. Sugeak, lirainagoak dira, eta buztan luzekoak”.
Tamainak garrantzia du: metro batetik pasatzen diren guztiak sugeak dira; Kantauriko sugegorriak metro erdia har dezake, “55 zentimetro gehienez”, zehaztu du Garinek.
Zazpi espezieetatik ez da galtzeko arriskuan dagoenik, baina badira bi EAEko katalogoan interes bereziko gisa agertzen direnak, Eskulapio sugea eta berde-horia. “Berde-horia EAEn bakarrik Irungo Aldabe mendian dago —nabarmendu du Garinek—. Eskulapio sugeak [farmazietako ikurretakoa] basoak gustuko ditu eta suge hau ikusteko leku aproposak dira bai Mendizorrotz, bai Jaizkibel”.
Telebistari kasu gutxi
Eskualdeko sugeak eta sugegorriak ez dira oldarkorrak, are gutxiago, gizakiarekin beldurtzen dira. “Ezkutuan egon, eta azkar ihes egin, hori da beraien teknika”. Hori horrela, zaila da eskualdeko suge ala sugegorri batek hozka egitea, baina gertatu daiteke, “erasotuak sentitzen badira”. Kasu horretan, inportantea da jakitea zer egin eta zer ez (ikusi beheko koadroa). Garinek bi lerrotan laburtu du: “Egin behar dena osasun zentrora joatea da, eta egin behar ez dena, Frank de la Junglak egiten duena”.
Aranzadiko bi herpetologoek gaineratu dutenez, ez da batere erraza suge bat ikustea. Horregatik, gomendio bat luzatu dute: «Ikusiz gero, gozatu momentuaz, eta denbora izanez gero, saiatu argazkia ateratzen eta espeziea bereizten».
Hozkada baten aurrean
Zer egin
- Lasaitu. Taupada bizkorrak izan ezkero pozoia errazago hedatzen da. Hozkatu duen espeziea sugea bada (eta ez sugegorria), zauria ura eta xaboiaren garbitzea aski litzake.
- Eskuan izan bada, inmobilizatu. Hozkada jaso duen gorputz atala eskua bada immobilizatu, besoa tokan jarriz.
- Osasun zentrora joan. Ahalik eta lasterren baina korrika egin gabe, taupadak ez areagotzeko.
Zer ez egin
- Sugea harrapatu. Berriz ere hozka egin dezake. Espeziea zein den ezagutzea ez da garrantzitsua, Euskal Herriko sugegorrien hozkadak artatzeko ez baita antidotorik behar.
- Zaurian mozketa egin edo zurrupatu. Pozoia hedatu eta kalteak areagotu daitezke.
- Torniketea egin. Gorputz atala gangrenatu liteke.
- Produktu estimulatzaileak hartu. Kafea, alkoholdun edariak edota medikamentuak.
- Izotza jarri. Tegumentuen suntsipena laguntzen du.