Emakumearen borroka muturrera eramanda
Estatu Islamikoa borrokatzen duten emakume kurduei buruzko 'Arian komandantea' filma proiektatuko dute Hondarribiko Emakumearen astean.
Hondarribia-Katsikas Boluntario taldeak antolatuta, Alba Sotorra zinegile katalanak zuzenduriko ‘Arian Komandantea’ (Commander Arian) dokumentala proiektatuko dute martxoaren 10ean (igandea) Itsas Etxea Auditoriumean, Emeki Emakume Elkarteak eta Hondarribiko Udalak prestatu duten Emakumearen Astearen barruan.
Siriako Kurdistanen Estatu Islamikoaren (EI) aurka ari diren Emakumeen Babes Unitateak (YPJ) dira dokumentalaren protagonistak. Zehatzago, 2014a eta 2015a artean Kobane hiriaren defentsa lantzen du filmak, ekialdeko fronteko arduradun Arian komandantearen istorioa abiapuntu duela.
Zuzendariak azaldu duenez, emakume horien borrokaren berri izan orduko sentitu zuen kontatzeko beharra. “Bereziki emakumeen kontra EI burutzen ari zen izugarrikeriak kontuan izanik, sinestezina iruditzen zitzaidan munstro horien aurkako borrokan indartsuen aritzen zirenak izatea, hain justu, emakumeak. Euren borroka feminista partekatu nahi nuen eta, emakume eta zinegile gisa, hura guztia dokumentatzeko beharra sentitzen nuen”.
Pelikulak bi kontakizun ditu. Bata, iraganekoa, Arian komandantearen gidaritza jarraitu eta gerrillarien egunerokoa lantzen duena. Eta bestetik, orainaldikoa, ondorengo borroka batean jasotako gerra-zauri larriak sendatzeko komandantearen borroka lantzen duena.
Hondarribiko Emakumearen Astea ixteko balioko du emanaldiak, eta arratsaldeko bostak eta erdietan hasiko da. Astelehenean aurkeztuko dute Emekik eta Hondarribiko Udalak Emakumearen Asteko egitarau osoa.