Orga-garbitzaile "berritzailea" aurkeztu du Txinzerrek
Kaleko hondakinak jasotzerakoan bereizteko aukera ematen duen orga erabiltzen hasiko da Txinzer, "froga pilotu" gisa.
Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak Txingudi Txukun izeneko sentsibilizazio kanpaina abiatu du. “Helburua herritarren eta Txingudi Zerbitzuak-en (Txinzer) arteko elkarlana sustatzea jartzea da, eskualde garbi eta atsegina izateko”, azaldu zuten atzo Hondarribiko San Pedro kalean eginiko aurkezpenean. Bertan izan ziren Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta mankomunitateko presidenteordea, Leire Zubitur Txinzerreko gerentea, eta Juan Mari Altuna Hondarribiko Zerbitzuetako zinegotzia.
Zubiturrek azaldu zuenez, orga-garbitzaile bat estreinatuko du egunotan Txinzerrek, proba pilotu bezala. “Orga-garbitzaile berritzaile bat, hondakinak jasotzen diren heinean bereizketa egitea ahalbidetzen duena. Oraingoz froga pilotu bat besterik ez da, beraz, helburua erabilpena eta bideragarritasuna aztertzea da eta, emaitza onak jasoz gero esku-garbiketa zerbitzuan gehitzea baloratuko dugu”, gaineratu zuen Txinzerreko gerenteak.