Alarde Fundazioa prest azaldu da Jaizkibelekin elkartzeko
"Iritzi hartu-emanerako gune bat eraikitzea" proposatu du, eta Jaizkibel konpainiari eta Hondarribiko Emakumeak taldeari gonbita luzatu die.
Hondarribiko Alardea antolatzen duen Alarde Fundazioa Jaizkibel konpainiarekin elkartzeko prest agertu da. Gaurko data duen ohar batean adierazi duenez, “iritzi hartu-emana sortuko duen gune bat eraikitzea” beharrezkoa ikusten du erakundeak. Helburua, iazko gertakariak errepikatu ez daitezela: “Egondako tentsioa murriztu eta iaz gertatutako zoritxarrezko egoerak ekiditea besterik ez dute izango helburu topaketa hauek”.
Hala, “bizikidetzaren alde aurrera pausu bat” ematea erabaki du Alarde Fundazioak, eta Jaizkibel konpainiarekin iritziak partekatzeko prestutasuna agertu du: “Bizikidetzaren alde aurrera pausu bat eman nahi dugu eta iniziatiba hartuz, biltzeko proposamena luzatu nahi dugu. Topaketa honetara Jaizkibel Konpainia, Joana Mugarrietakoa eta baita Hondarribiko Emakumeak taldea ere gonbidatu nahi ditugu”.
Oharraren arabera, errespetu giroa sortzea bilatzen du gaurko proposamenak, “Ezinegonak libreki adieraztea baita izandako tentsioa murriztu eta errespetu giro bat sortzea inplikatuak dauden alderdien artean ere”.
Topaketa hori Hondarribiko Udalean egitea proposatu du Alarde Fundazioak eta moderatzaile gisa alkatea proposatu dute. “Ahalik eta gardenen izateko asmoarekin”, bilkuraren akta jasotzea proposatu du Alarde Fundazioak.