Iosu Alvarezek errepikatuko du alkategai sozialista bezala
Hondarribiko Udaleko PSE-EEren zinegotzia hirugarrenez lehiatuko da udal hauteskundeetan. Gaur aurkeztu du bere hautagaitza.
Iosu Alvarez Ieregik errepikatu egingo du Hondarribiko udal hauteskundeetan. Hirugarrenez aurkeztuko da PSE-EEeren alkategai bezala. Eneko Andueza, Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusia izan du ondoan Alvarezek gaur eguerdian Murru elkartean eginiko aurkezpenean. Bertan azaldu du ez dituela “indarra eta ilusioa” falta, baina aurkezten dela batez ere ideiak dituelako, eta udalerrirako proiektu bat, Fidatzeko arrazoiak goiburukoa: “Gure indarra ideiak dira, Hondarribia gure konpromisoa, eta gure lehentasunak gizartea eta pertsonak. Hondarribiko udala gobernatzeko proiektua da ordezkatzen dudana”.
Agintaldiko balantzea egiteko probestu du Alvarezek gaurko ekitaldia. Lorpenen artean, gizarte arloko zenbait neurri aipatu ditu, “batzuk dagoeneko martxan daudenak, eta beste batzuk urtean zehar indarrean jarriko direnak”. Besteak beste, talde sozialistaren ekimenez HAPOaren etxebizitza atalean, alokairuko etxebizitzetan, familien diru-laguntzetan, edota laguntza energetikoan hobekuntzak lortu direla adierazi du. Eta ez da Udal Mugikortasun Mahaian forma hartzen ari den minibusaz ahaztu, udalean estreinatu zenetik plenoetara hiri-barruko autobus zerbitzuaren beharra behin eta berriz eraman baitu Alvarezek.
Nolanahi ere, udalaren norabidearekin ez dago oso konforme hautagai sozialista, eta herritarrei mezua luzatu die: “Nire hautagaitza erreferentzia izango da mandatariak hiritarren benetako arazoez arduratu behar direla sinisten dutenentzat. Zuen babesa espero dugu maiatzaren 26tik aurrera aldaketak ezartzeko”.
Bukatzeko, Hondarribiak nolako gobernua behar duen aldarrikatu du Alvarezek, “indartsua, ideia garbiak dituena, kudeatzeko gaitasuna duena, eta bizilagunekin konprometituta”. Horretan indarrak jarriko dituela nabarmendu du alkategai sozialistak: “Argi dugu orain arte EAJren gobernuek egin ez dutena egin behar dugula, gure jendean inbertitu, bere etorkizunean, Hondarribian. Bizilagunen ongizatea zaindu behar dugu, kaleetan, auzoetan, gure etxeetan. Sinetsita nago Hondarribiak zerbait hobea merezi duela, eta alderdi sozialistak hobeto egin dezake”.