Gabongo sugegorria? Bai zera!
Gabongo sugegorriaren albistea gezurra dela esan du Segurtasun Sailak.
Ez dago Gabongo sugegorririk Jaitzubian. Goizean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak HITZAri baieztatu dionez, albistea zabaldu zuenak edo zutenek gezurra esan zutela ondorioztatu du Ertzaintzak, eta bilaketa lanak utzi egin dituzte. Muntaia zela argitu du Segurtasun Sailak.
Eguerdian eman dituzte xehetasun gehiago, atzo itxita egon zen eremuan bertan eskainitako prentsaurrekoan. Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk eskerrak eman dizkie atzo “egun osoan etenik gabe” bilaketa lanak egin zituztenei, “Hondarribiko Udaltzaingoari, Ertzaintzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta esker bereziak eman ere Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologo boluntarioei”.
Javier Garcia, Irungo Ertzain Etxeko ikertzaileen buruak baieztatu duenez, pertsona bat inputatu egin dute albiste faltsua zabaltzeagatik: “Hondarribiko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako ikerketaren ondoren, abisua faltsua zela ondorioztatu genuen, eta pertsona bat ikertuta geratu da. Espediente osoa justiziara eramango dugu, abisuaren ondoren baliabide ugari aktibatu baitira, polizialak eta emergentziakoak, baita beste batzuk ere, gero ezertan geratu direnak”.