Hondarribiko traineru jaitsiera, larunbat arratsaldean, itsasoan
Guztira, 42 ontzi uretaratuko dira: gizonetan 22, emakumeetan hamar, beteranoetan bederatzi eta gazteetan bakarra.
Hondarribiko XIX. Traineru Jaitsiera egingo dute larunbat arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Hondarribia Arraun Elkarteak antolatuta. Eguraldi ona espero denez, udaran egiten den estropadaren leku beretik abiatuko dira traineruak, hondartza paretik, baina lau luzera beharrean, bi luzera egingo dute proba. Hau da, itsaso zabalera asko aterako dira parte hartzaileak.
Gizonetan 22 traineru lehiatuko dira, emakumeetan hamar, beteranoetan bederatzi eta gazteetan bakarra, bertokoa.
Gazteak aterako dira aurrena (16:00etan), ondoren beteranoak (16:01), emakumeak gero (16:10), eta gizonak azkenik (16:20).
Oarso-Bidasoko klubei dagokionez, emakumeetan Hondarribia, Hibaika eta San Juan lehiatuko dira. Gizonetan, berriz, Hondarribia AEk hiru ontzi uretaratuko ditu, eta Koxtapek eta Sanpedrotarrak, bina.
Orotara, Eusko Label Ligan ariko diren sei traineruk eman dute izena Hondarribiko neguko testerako (Hondarribia, San Pedro, Orio, Donostiarra, Ondarroa eta Isuntza), baita Euskotren Ligako laurak ere (Orio, San Juan, Donostiarra eta Arraun Lagunak).