Musika Bandak dantzan jarri du Itsas Etxea 200 urteak ospatzen hasteko
Hondarribiko Hiria Musika Bandak urteko lehen emanaldia eskaini zuen atzo igandez Itsas Etxea Auditoriumean. Martxoan 200 urte beteko ditu bandak eta, hori horrela, kontzertu berezi asko eskainiko ditu urtea bukatu bitarte, atzokotik hasita.
Inauterietako kontzertua izan zen atzokoa, eta errepertorioa familia zinemako hainbat piezek osatu zuten, Errege lehoia, Aladdin, Mary Poppins, Sirenatxoa… Bandako musikariekin batera, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako dantza klasikoko irakasle Agustin Alzagaren ikasleak igo ziren oholtzara.
Saioaren amaieran besaulki-patiora jaitsi ziren ikasleak kalejiran, eta bandako zuzendari Alazne Alberdi batu zitzaien. Alberdik, urtean zehar ezusteko asko izango direla aurreratu zuen, eta dei egin zien hondarribiarrei musika bandaren 200. urteurrena beraiekin ospatu dezaten.