'A tempo II', barealdiaren berrespena
Duela bi urte hilzorian egon zen Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola, aurreko kudeatzaileek eragindako zuloagatik. Urak arrastora itzulita, ‘A tempo II’ programa abiatuko du zentroak gaur.
Ia bi urte joan dira harrezkeroztik. 2017ko maiatzeko azken astean isilik geratu ziren Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako instrumentuak. Irakasleek bi hilabete zeramaten soldatarik jaso gabe, aurreko urtera arte hezkuntza zentroa kudeatu zuten pertsonek eragindako zuloaren ondorioz. 400.000 eurotik gorako deskalabrua, zegozkion diru laguntza publikoen deialdietara hiru ikasturtez ez aurkeztearen ondorioa.
Hezkuntza erakundea hilzorian zegoen. Eta, eskola pribatua izanagatik ere, eragina herri mailakoa izango litzateke egoera irauli ezean. 23 pertsonen lanpostuak —21 irakasle eta beste bi langile—, eta ia 400 umeren musika hezkuntzaren jarraipena airean.
Egoera oso larria zen, eta eman beharreko urrats guztiek ondo neurtutakoak izan behar zuten. Batetik, eskolaren kudeaketa langileen esku geratu zen, eta lohiarako prestatu ziren, borrokarako bezala baita edozeinekin hitz egiteko ere. Eta bestetik, Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek babesa eman zioten udal gobernuari, zuzendaritza batzorde berriarekin lanean hasteko, eta udalari zegozkion arduretan ez ezik, beste erakunde publikoekin ere zubi lana egiteko. “Asko kostako zaigu hura ahaztea, asko. Baina ordutik jende asko ari da lanean egoera zuzentzeko, ez eskolan bakarrik, baita kanpoan ere”, nabarmendu du Esther Barandiaran zuzendari pedagogikoak.
Eta zehaztu du: “Harremana udalarekin oso estua da, bi aldeetatik, hemendik hara eta handik hona, asko hitz egiten dugu”. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ere baieztatu du hori, bi aldeen arteko harreman estua dela, eta hori ezinbestekoa izan da duela bi urteko egoera larriari irtenbide emateko.
Hitz egiteaz gain, azken bi urteetan bultzada ere eman dio udalak hezkuntza zentroari, egoera horretan ito ez zedin. Alderdi guztien oniritziarekin egin izan du hori, musika eskolako batzorde berria egin beharrekoa betetzen hasi zela ikusita: “2018an ohiko diru-laguntza emateaz gain, ezohiko diru-laguntza ematea erabaki zuen Udalbatzak. Normalean urte bukaeran aurkeztu ohi dute dokumentazioa udalaren diru-laguntzak jaso dituzten elkarte eta erakundeek, eta hurrengo urteko lehenbiziko hilabeteetan aztertu eta ebatzi ohi du udalak espediente bakoitza. 2019ko aurrekontuetan ere onartu da Musika Eskolari diru-laguntza izenduna ematea”.
Udalak azken bi urteetan onartutako ezohiko diru-laguntzen helburua, nolabait, aurreko urteetan ohiko subentzioak eskatu ez izateagatik jaso gabeko dirua konpentsatzea da, eragindako zorra kitatzen laguntzeko.
Egoera ekonomikoa hobetzen laguntzeaz gain, erakunde publikoaren eta hezkuntza zentro pribatuaren arteko harremanaz ere hitz egiten ari dira bi aldeak: “Udalak azterketa bat egin du Musika Eskolari buruz bereziki eta Musika Eskolei buruz oro har eta Musika Eskolako bazkideekin partekatu du, hausnarketan lagundu nahian. Musika Eskolako bazkideek hausnarketan aurrera egin ahala udala prest egongo da harremanetan jarraitzeko”, gaineratu du Sagarzazuk.
Bistan da azken bi urteetako harremanak fruituak eman dituela. Eskolaren jardueran erraz antzeman daiteke. 2016-2017ko ikasturte hura salbatu zuten, hurrengoa ere normaltasunez burutu, eta aurten inor ez da gertatutakoaz gogoratzen, edo ez du gogoratu nahi. Urak arrastoan sartzen ari direla erantsi du Xabier Saenz ikasketa buruak: «Zailtasunak gainditu egin dira, baina oraindik hor gaude, lanean. Kostako da dena guztiz bideratzea». Ez dute pasatutako zailtasunez hitz egin nahi, aurrera begira jarri nahi dute.
“Mimo bereziz” prestatua
Asteartean A tempo jarduera programaren bigarren ekitaldia aurkeztu zuen Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak. Gaurtik hasi eta hurrengo larunbatera arte egingo dute, eskolak egoitza duen Denda kaleko Kultur Etxean. Aurkezpenean izan ziren Barandiaran eta Saenz, Kalixa Silanes Kultura zinegotziarekin batera. “Jarduera desberdinak eta aberatsak prestatu ditugu, eta mimo berezia jarri dugu ekitaldi honetan”, laburtu zuen orduan Barandiaranek.
Jardunaldien izenburua bera ez da kasualitatea. Musikagintzan, unean uneko alterazio baten ondoren, aurreko mugimendua berreskuratu dela adierazten du a tempo-k. Zentroko batzordekideek gogorarazi dutenez, behin konponbiderako oinarriak finkatuta, asmo aldarrikapen gisa sortu zuten A tempo orain urtebete: «Batez ere, gure marka jarri nahi genuen, gertatu zirenak eta gero, haize freskoa eman proiektuari, hezkuntzaz dugun ideia zein den erakutsi, bai ikasleei, bai haien gurasoei, baita eskolako atetik kanporako edozeini ere».
Aurtengo egitaraua 22 ekitaldirekin osatu dute. Horietatik asko ikasleen emanaldiak diren arren, eskolako arduradunek argi utzi dute A tempo-k ez duela zerikusirik Gabonen aurretik edota ikasturte amaierako azken asteetan programatzen dituzten entzunaldi eta dantza emankizunekin. “Aste bat non gelako lana erakusten den, non ikasleek beste diziplina batzuk ezagutzeko aukera izaten duten, non irakasle guztiek duten beste irakasleen lana ikusteko modua, gauzak nondik hobetu edo sakondu behar diren ikusteko. Hori guztia da A tempo“, azaldu du Barandiaranek. Saenzek arrazoia eman dio: “Beste zerbait du, atzean helburu pedagogiko bat dago. Eskolak eteten dira, eta bai gurasoek, bai ikasleek, baita irakasleok ere, aukera izaten dugu aste honetarako propio prestatzen diren ekitaldietan parte hartzeko”.
Hain zuzen ere, entzunaldiak ez diren ekitaldiak nabarmentzen dira egitarauan, soka ikasleentzako luthierra —iaz haize tresnena egin zuten—, jendearen aurrean jotzeari buruzko ikasle helduentzako mahai-ingurua, eta lau tailer: eszena tailerra musika tresnako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, dantza tailerra 4 eta 5 urteko ikasleentzat, 6 urtekoentzako tresnen erakustaldia, eta gurasoentzako perkusio tailerra.
Zerrendatik gustukoena zein duten galdetuta, Barandiaran eta Saenz ez dira ados jarri: ikasketa buruak erantzun du aurrena: “Nik eszena tailerra aukeratuko nuke, Kukai Dantzako kidea den Ibon Huartek, euskal dantzako irakasleak prestatu du. Niri beste ikuspegi bat eskainiko dit, bera dantzaren mundutik dator, gu [Barandiarani begiratuta] musika arlokoak gara. Oso interesgarria iruditzen zait”.
Eta zuzendari pedagogikoak: “Zaila egiten zait bakarra aukeratzea, momentu polit asko egongo direlako. 6 urtekoen tailerra oso berezia izango da, Maite Oca irakasleak prestatu duena. Ipuin musikatua sortu du, eszenografia eta guzti, eta musika tresna bakoitzeko ikasle batek parte hartuko du ipuinean. Polita izan da irakasle guztiek lagundu dugulako, irakasle bakoitzak bere ikasle bat hautatu behar izan duelako ipuinerako”.
Iazko eskarmentua kontuan izanik, irakasleen arteko harreman hori positiboa dela deritzote bi arduradunek, ez bakarrik elkarri laguntzeko aukera dutelako, baita norberaren lan egiteko modua ikustarazteko eta besteena ezagutzeko aukera izaten dutelako: “Irakasleok aukera izaten dugu beste irakasleei laguntzeko, eta besteek egiten duten lana gertutik ikusteko. Ideiak hartu, beste metodologiak ikusi… Gainera, giro berezia sortzen da, denak gaudelako horren zain, eta aurreko asteetatik hasten gara elkar laguntzen”.
Artistekin hartuemana
Susana Zaldivar margolariak egin du A tempo II-ren bigarren ekitaldiko kartela. Iaz Santi Noain arkitekto, marrazkilari eta musikariaren irudi bat erabili zuten. “Oso desberdinak dira”, nabarmendu du Saenzek. Aurtengoak ez du iazkoarekin zerikusirik, eta hurrengo urtekoak ziurrenik ez du aurtengoaren antzik izango, Barandiaranen hitzetan: “Hasieratik erabaki genuen herriko jendearekin kolaborazioak estua izan behar zuela, kasu honetan kartela egiteko, arte mundukoekin. Iaz Santiri eskatu genion irudia, aurten Susanak egin du, eta hurrengo urtean beste artista baten atea joko dugu”.
Kartela eskatzeko bezala, gaurtik hurrengo larunbatera bitarte eskainiko duen programarako ere hezkuntza zentroaren ateak ireki nahi izan ditu musika eskolak. Hala, sarrera kopuru bat ikasleen guraso ez direnentzat gorde dituzte, eskola ezagutzen ez dutenek hurbiltzeko aukera izan dezaten. “Iaz ez genuen egin, aurten bai, kopuru bat gorde dugu ia-ia ekitaldi guztietan, kanpoko jendearentzat”. Gustatuko zaiela sinetsita daude, Saenzen arabera: “Ekitaldi parte hartzaileak izatea nahi dugu eta dei egiten diegu herritarrei ikus dezaten nolako maila duten ikasle hondarribiarrek”.
Harritu behintzat harrituko dira guraso ez diren edo iazkora hurbildu ez eta aurten egiten dutenek, Kultur Etxeko kristalezko ate lerragarria zabaltzen zaienean, eta eraikineko hall-ean bertan piano edota tronboi emanaldi batekin edo mahai-inguru batekin topo egiten dutenean.
Izan ere, ekitaldi batzuk areto nagusian edo entsegu geletan egingo dira, baina beste batzuk eraikineko leku ezohikoetan kokatu dituzte, hala nola, hall-ean eta eskolaren ohiko jarduerarako erabiltzen ez den karratu formatuko 207 gelan. Iaz ere atera ziren entsegu geletatik eta gurasoek txalotu egin zuten proposamena.
Aurkezpenaren egunean Kalixa Silanes Kultura zinegotziak musika eskolako langileak zoriondu zituen osatutako programa ikusita. Bereziki eskertu zien programazioa herritarrei begira antolatu izana, eta gonbitari erantzuteko eskatu zien hondarribiarrei: “Eskerrak eman nahi dizkiot Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolari hiriko kultura aberasteko egiten duen lan bikainagatik. 22 ekitaldi desberdin izango ditugu A tempo-ren bigarren edizio honetan, herriko kultur agenda indartzera datozenak”.
Ikasle helduek irekiko dute gaur programa. Asteartean, soka, piano, euskal dantza, txistu, trikitixa, eta saxofoi diziplinetakoen txanda izango da. Tartean, baina, egitarautik kanpora, dantza klasikoko 21 ikasleek zita garrantzitsua dute egutegian markatuta. Hondarribiko Hiria Musika Bandak Itsas Etxea Auditoriumean eskainiko duen inauterietako kontzertuan dantzatuko dute. “Bandakoak harremanetan jarri ziren gurekin —kontatu du zuzendari pedagogikoak—, dantza ikasleekin zerbait egin nahi zutela esanez. Kolaborazio horiek oso interesgarriak dira eskolarentzat, ikasleentzako eskarmentua hartzeko baliagarriak direlako, eta eskolari, egiten dugun lana ikustarazteko aukera ematen diolako”.
Igande eguerdian izango da hori itsas Etxean. Baina gaur, Kultur Etxean, arratsaldeko zazpietan altxatuko dute A tempo II programaren oihaltzarra. Lehenengoa asmo aldarrikapen bat izan bazen, bigarrena hasitako bidearen berrespena bezala ulertu behar da. Oraindik denbora beharko da Denda kaleko hezkuntza zentroaren bide-orria guztiz zehazteko, baina instrumentuak berriro afinatuta dituzte eta, gaurtik hurrengo larunbatera arte, partitura ederrenak jotzeko prest dira Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola osatzen duten 370 ikasleak.