Gazteen Gipuzkoako boccia eta slalom txapelketak, larunbatean
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak Hondarribiko Udalaren laguntzarekin antolatuta, boccia eta slalom kiroletako Gipuzkoako Gazte Mailako Txapelketak egingo dituzte larunbatean Jostaldi pilotalekuan, egun osoz. Goizez, 10:00etatik 13:00etara, boccia probak egingo dituzte; arratsaldez, 16:00etan hasita, gurpildun aulkiko slalom modalitatekoak.
Astelehenean egin zuten aurkezpena eta bertan izan ziren Federazioko presidenteorde Blanca Aranguren eta Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia. Silanesek herritarrei deia luzatu zien bihar Jostaldira hurbil daitezen: “Ez dira kirol oso ezagunak, baina zinez merezi du ikusteak. Gainera, Jostaldi oso leku egokia da horretarako. Oso pozik gaude txapelketa hau jaso eta kirolari hauei harrera egiteko aukera izateagatik”.
Lurraldekoa eta Irekia
Gazteen Gipuzkoako Txapelketa izango da larunbatekoa, baina baita Open mailakoa ere, Bizkaiko ordezkaritza ere izango delako. Arangurenek azaldu zuen arrazoia: “Adin hauetan, 12 eta 21 urte artean, lehiatzeko aukera oso gutxi daude. Hori horrela, kide gutxi batzuk dituen Bizkaiko talde bati aukera eman diogu”. Hala, hiru klubetako ordezkariak lehiatuko dira, Ostadar eta Dordoka gipuzkoarrak eta Bizkaiko Haszten, eta klubarik ez duen beste kirolari bat; 21 kirolari guztira.