Egin txotx, mintzapraktikaren aitzakiarekin
Batzuetan sagardoa tresna ona izaten da euskaraz hitz egiteko. Euren burua gai ikusten ez dutenei, euskara ikasten hasi berritan jauzia emateko beldur direnei, ohitura galduta dutenei, lagundu izan die sagardoak. Estatistikek hala diote, sartzen direnak baino gehiago dira sagardotegitik ateratzen diren euskal hiztunak.
Hori horrela izanagatik, ez da Hondarribiko Mintzalagunaren hurrengo ekitaldiaren helburua, bertako kideek ez dutelako sagardoaren beharrik jauzi egiteko. Mintzapraktika da aitzakia sagardotegira joateko, ez alderantziz.
Otsailaren 23an txotx egitera joango dira Hondarribiko Mintzalaguna programako kideak, Lesakako Lindurrenborda sagardotegira. Ez dira Hondarribikoak bakarrik joango, Donostia, Irun, Elizondo, Iruñea, Doneztebe, eta Lizarrako mintzapraktika programetako kideekin elkartuko dira bertan. “Bapo bazkaldu ondoren, kupelen bueltan, eta giro ezin hobean euskaraz hitz egin, harreman berriak sortu eta mintzalagunek eramandako musika tresnen soinura kantuan aritzeko aukera paregabea izango dugu”, adierazi dute blogean.