'Kapen' karten aurkezpena, Blaganen hurrengoa
Aurreko asteko bertso solasaldiaren ondotik, dagoeneko hurrengo ekitaldia antolatu du Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteak. Hondarribiko fauna eta flora ezagutarazteko xedea duen Kapen karta jokoaren aurkezpena izango da, hilaren 21ean.
Arma Plaza Fundazioak abenduan argitaratu zituen Kapen karta jokoa eta posterra, Ezagutu Hondarribia unitate didaktikoen osagarri bezala. Arrakasta handia izaten ari da eta, kartetan irudikatzen diren espezieen izenak Hondarribiko hizkeran izendatuak dauden arren (latinez eta batuaz ere), Euskal Herriko toki askotatik iritsi zaizkie eskaerak.
Blaganek antolatutako ekitaldian jokoaren bi diseinatzaileek, Lore Erriondo pedagogoa eta Iñaki Sanz-Azkue herpetologoa, eta Eñaut Aiartzaguena marrazkilariak hartuko dute parte. Kultur Etxeko 103 aretoan egingo dute aurkezpena, 19:30ean hasita.
Irakurri Bioaniztasuna, jokoan ibiltzeko erreportajea
Mendira, 24an
Otsaileko mendi irteeraren berri ere eman du Blaganek. Mugarra mendira igoko dira hilaren 24an. Mañaritik egingo dute igoera, 8,5 kilometrokoa eta 800 metroko desnibelekoa. Hondarribitik goizeko zortzietan abiatuko dira, beti bezala Eroskiko aparkalekutik.
Hilean behin egiten dituzte irteerak Blaganekoek, igandetan beti. Euskaraz blagan eginez mendira joan nahi duen ororentzat irekiak dira jardunaldiak, eta ez dago izena eman beharrik. Edonola ere, norbaitek informazio gehiago beharko balu, 652 766 292 telefono zenbakira deituta edo posta elektronikoz idatziz lor lezake.