Inauterietako kontzertua, bi mendeak ospatzen hasteko
Hondarribiko Hiria Musika Bandak 200 urte beteko ditu aurten, martxoaren 26an hain zuzen ere. Hori horrela, urtean zehar emanaldi berezi asko eskainiko dituztela aurreratu dute bandako arduradunek, horien artean martxoaren 23rako eta 31rako prestatzen ari diren emanaldi bikoitza.
Baina data esanguratsu horren zain egon gabe, igande honetan iritsiko da lehen emanaldi berezia, inauterietako kontzertua. 12:30ean hasiko da Itsas Etxea Auditoriumean.
Alazne Alberdik zuzenduriko taldeak laguntzaile bereziak izango ditu, musika eskolako dantza klasikoko irakasle Agustin Alzagaren ikasleak. 21 ikasle dira, 5 eta 11 urte bitartekoak. Programarako, oso ezagunak diren konposizioak prestatu dituzte, hala nola, The lion king, Aladdin, The little mermaid, Mais que nada eta Mary Poppins.
Haurrentzako eta familientzako kontzertu ezin egokiagoa izango da igande eguerdikoa. Gainera, ezusteko batekin bukatuko dela ziurtatu du bandak.