Abotsanitzek uste du gobernua kea saltzen ari dela Mendelurekin
Mendelun, aurrena, eta Amute-Kostan, ondoren, egin eta gero, Arma Plaza kultur gunean aurkeztuko du gaur (asteartea) Hondarribiko Udalak Mendelu-Eskapatxulo eremua ordenatzeko aurretiazko ikerketa, 17:00etan. “Ekitaldi irekia izango da interesa duen edonorentzat”, argitu du udalak.
Hain zuzen ere, Arma Plazako goiko solairuan jarrita dago ikerketari buruzko erakusketa, eta bihar asteazkenera arte bisitatu daiteke.
Abotsanitz alderdiak ez du begi onez ikusi udal gobernuak aurkeztutako aurre-ikerketa, eta hondarribiarrei kea saltzen ibiltzea leporatu dio EAJri.
Batetik, legegintzaldian urratsik eman ez izana arbuiatu du Abotsanitzek, “gaia jorratzeko HAPOan adierazitako denborak bete ez izana eta, legegintzaldi planari dagokionean, udal gobernuaren proiektua aurkezteko konpromisoa aurre-lanketa batean besterik ez geratu izana”.
Bestalde, azterketa “hauteskunde bezperan” aurkeztu duelako, eta “ziurtasun juridikorik ez duelako”, EAJren aurre-kanpainaren barruan kokatu du oposizioko lehen taldeak: “Mendelu biziberritzea Hondarribiaren garapenean estrategikoa da, baina aurre-lanketa hau hauteskunde bezperan aurkezten da, ez du ziurtasun juridikorik, eta ez da udalaren aldetik konpromisorik adierazten, hala nola, lur eta etxebizitzen desjabetze edo berritzea nola finantzatuko den ez da azaltzen”.
Halaber, Abotsanitzek nabarmendu du Mendelu auzoaren biziberritzeak erakunde desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izango duela, baina lan hori hasi gabe dagoela: “Hainbat administraziorekin egin beharreko lanketak ez dira hasi ere egin. Badaude egitura batzuk, hala nola ekaitz urmaela mugitzea edo barianteko errepidea zubibide bihurtzea, non horien aldaketa ezinbestekoa izango den proiektua egingarria izan dadin, baina aldaketa horiek ez daude udalaren eskumenean. Beraz, logikoa litzateke administrazio horiekin lanketa bat egin izana, proiektua bera egin daitekeen ala ez ziurtatzeko”.
Horregatik guztiagatik, udal gobernua kea saltzen ari dela iritzi du Abotsanitzek, eta konpromiso partekatuak hartzeko exijitu dio: “Hondarribiko EAJk Mendeluko bizilagunei eta hondarribiar guztioi kea saldu nahi digu hauteskundeak baina lehen. Baina gogorarazi nahi dugu hainbat urteetan alderdi honek saldutako keak Mendelu auzoan izan duen eragina. Beraz, har ditzagun konpromisoak eta egin dezagun auzoaren garapena ziurtatuko duen planteamendu argi eta atzeraezina”.