Denboraren makinan bidaiatuko du Ezagutu Zure Hiria programak
Guadalupeko gotorlekuko aurretik ikusi gabeko argazkiez osaturiko erakusketa antolatzen ari da Arma Plaza Fundazioa. Fuertea diseinatu zuen Juan Roca y Estades ingeniari militarrak eginiko 38 argazki dira, gotorlekuaren eraikuntza lanen fase desberdinetan ateratakoak. “Horietako batzuetan gotorlekua eraikitzeko ipini ziren kanpalekuak ageri dira”, nabarmendu du Arma Plazak.
Larunbatetik aurrera izango da argazkiak ikusteko aukera, eta hilaren 24ra arte bisitatu daiteke erakusketa, turismo bulegoaren ordutegian. Aste honetan, gainera, Ezagutu Zure Hiria programako protagonista izango dira argazkiak. Juan Antonio Saez historialariak haien inguruko hitzaldia prestatu du ostegunerako, eta larunbatean, bisita gidatua zuzenduko du. Saezek berak aurkitu zituen argazkiko Madrilgo Erret Bibliotekan, eta Hondarribian erakusteko baimena eman du erakunde horrek.
Osteguneko hitzaldia 19:00etan izango da, Arma Plazako eraikinean bertan. Argazkiak proiektatuko dituzte eta Saezek azalpenak emango ditu. Larunbatean, berriz, erakusketaren bisita gidatuko du Saezek.
Larunbateko bisita gidaturako ezinbestekoa da izena ematea, 943 64 36 77 eta 943 64 46 23 telefono zenbakietara deituz, edota Arma Plazaren posta elektronikora idatziz.