Txakurkrosa egingo dute bosgarrenez, lehen aldiz bi egunez
Eskanikross Kirol Elkarteak antolatuta, V. Txakurkrosa egingo dute asteburuan Higer farolaren inguruan. III. Ogiberri Saria izango da aurtengoa eta, lehen aldiz, bi egunez egingo da, larunbat arratsaldez eta igande goizez. Kalixa Silanes Hondarribiko udaleko Kirol zinegotziak zehaztu duenez, “denetara sei lasterketa egingo dituzte, bi proba larunbatean, eta lau igandean”. Sei horietatik lau proba ofizialak izango dira, larunbatekoak eta igandeko lehen biak, eta igandeko beste biak, herrikoiak
Proba nagusiei dagokionez, bina bikejoring (txirrindularia eta txakurra) eta txakurkros (korrikalaria eta txakurra) proba programatu dituzte, larunbatean distantzia laburrekoak, igandean luzekoak. Larunbateko lehena 3 kilometroko bikejoring lasterketa izango da, eta 17:00etan hasiko da; ondoren, 19:00etan irtenda, 3,2 kilometroko txakurkros proba. Iganderako, berriz, lau proba antolatu dituzte, lehiarako bi proba luzeak, eta beste bi herrikoiak. 09:00etan hasita, bikejoring lasterketa luzea egingo dute, 5,3 kilometro luzekoa, eta 10:30etik aurrera, 7,1 kilometroko txakurkrosa.
Lau lasterketa ofizialak puntuagarriak izango dira. Txakurkrosekoak Euskadiko ligarako eta Espainiako Artzain-Txakur Belgikarren Txapelketarako. Bikejoringeko lasterketak, berriz, Gipuzkoako Mushing Txapelketarako balioko dute.
Bi proba herrikoi
Igandean, proba nagusiak bukatuta, txakurkros herrikoia eta haurren txakurkrosak egingo dituzte. Helduena, 11:45ean egingo dute, 3,2 kilometroko luzeran. Haurrentzakoa, 12:30ean, 100 metroko ibilbidean.