Hondarribiko Korrika Batzordearen lehen bilera, gaur
Gaur (asteazkena) bilduko da lehen aldiz Hondarribiko Korrika batzordea, 21. Korrika antolatzen hasteko. Kultur Etxeko 103 aretoan elkartuko da, 19:30ean, eta euskaltzale guztiei luzatutako deialdia da.
Batzordeko arduradun Mattin Sorzabalbeherek adierazi duenez, “21. Korrikaren nondik norakoak eta gure herrian egingo direnak” ezagutzeko aukera izango da, baita herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere. Gainera, egin beharreko lanak zerrendatuko dituzte, pertsona bakoitzak bere gustuko arloan lan egin dezan.
Apirilaren 4tik 14ra egingo dute 21. Korrika. Garesen (Nafarroa) hasi eta Gasteizen bukatuko da. Hondarribitik apirilaren 8ko goizaldean pasako da (ikusi ibilbide osoa).