Eguraldiarekin aspertu egin dira jubilatuak
Zortzi gauko egonaldia Kadiz probintzian (Andaluzia, Espainia). Hori da apirileko lehen hamabostaldirako Hondarribiko Kasino Zaharra Adinekoen Etxeak egin duen plana. Apirilaren 4an irtengo dira eta, egun horretan, Almendralejon (Badajoz) egingo dute lo. Hurrengo egunean Conil izango dute jomuga, eta bertan egingo dute egonaldia apirilaren 12an itzuli arte. Almendralejoko gaua salbu, gainontzekoetan Conil herriko lau izarreko Garbi Costa Luz hotelean egingo dute lo.
Bidaiaren prezioa pertsonako 490 eurokoa da gela bikoitzean, eta 700 eurokoa ohe bakarreko gelan. “Autobusa, egonaldia, bazkaria eta programatutako txangoak prezioaren barruan daude”, jakinarazi du Kasino Zaharrak. Eta txango horiek ez dira gutxi, Coniletik honako lekuetara mugituko baitira: Puerto de Santa Maria, Vejer de la Frontera, herri zurien eskualdea (Grazalema, Ubrique, Arcos de la Frontera, Chipiona, Sanlucar de Barrameda, Kadiz hiriburua eta Jerez de la Frontera) eta, itzulerako egunaren bezperan, Kordobako mezkita. Gainera, joanekoan Meridan egingo dute geldialdia.
Gutxienez 40 lagunek eman behar dute izena bidaia egin ahal izateko. Pertsona bakoitzak bi lagunentzako bidaia har dezake gehienez, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan irekitzen du Kasino Zaharrak bulegoa, 10:30etik 12:00etara. Aurretik, Kasino Zaharraren kontu korrontean egin behar da zehaztutako diru ekarpena (3035 0049 06 0490040083).