Txakurren babeserako elkartea sortu dute Hondarribian
Bat Gehiago, horixe da Hondarribian sortu den elkarte berriaren izena. Txakurren ongizatea bilatzen duen elkartea da, beste gauzen artean, jabeen formazioa helburu duena.
Larunbaterako antolatu dute lehen ekitaldi publikoa, 10 urtetik gorako eskarmentua duen Richard Garcia-Calvo txakur hezitzaile irundarraren hitzaldia. Zuloaga Etxeko balio anitzeko aretoan izango da, 11:00etan hasita. “Gaztelaniaz izango da, baina euskarazko hitzaldiak ere antolatuko ditugu”, azaldu du Ivan Bravo elkarteko kideak.
Besteak beste, txakurrentzako uhal egokiak zeintzuk diren eta txakurrak nola paseatu behar diren azalduko du hezitzaile irundarrak. “Ez da txakurrentzako hitzaldia, jabeentzako baizik, ez dira txakurrak ekarri behar”, zehaztu du Bravok. Hori bai, aurrerago txakurrentzako ere jarduerak antolatu nahi dituzte.
Hezitzaile irundarraren azalpenak entzuteaz gain, Bat Gehiago elkartea ezagutzeko aukera izango da larunbatean liburutegian, helburuak, asmoak, eta abar. “Elkartea irekia da, eta lan egiteko gogoa duen edozein izango da ongietorria”, erantsi du Bravok.
Ostiralean, Bat Gehiago elkarteari buruzko erreportajea argitaratuko dute Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan, eta Hondarribiko HITZAk Interneten.