115 ametz aldatuko dituzte Hondarribiko Zuhaitz Egunean
Apirilaren 6an egingo dute Hondarribiko Zuhaitz Egunaren 24. ekitaldia. San Telmo inguruan egingo dute aurten ere, Higer farolatik gertu, eta iaz jaiotako haurrak daude egun horretarako deituak. Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak aurreratu duenez, iaz baino zuhaitz gutxiago eskatu dituzte aurten: “Aurten 115 izango dira landatuko diren ametzak, iazko zifrarekin konparatuz 23 gutxiago”.
115 ume jaio ziren iaz Hondarribian, eta beste horrenbeste zuhaitz aldatuko dituzte apirilaren 6an. 59 mutiko eta 56 neska daude deituak Zuhaitz Egunera. Izenei dagokionez, Maddi, Irati eta Ane dira nesken artean gehien erabili diren izenak, eta mutiletan, Martin, Markel eta Oier.
Goizeko 11:00etan hasiko da ekitaldia, 2018an jaiotako haurren zuhaitz banaketarekin: “Urtero bezala zuhaitz banaketa atzetik aurrera hasiko da, lehenik abendukoak eta azkenik urtarrileko haurrak”, zehaztu du zinegotziak. Ondoren, 12:00etan gutxi gorabehera, 2019an zazpi urte beteko dituzten haurrei (2012an jaiotakoak) makil bana oparituko diete.