Erretiratuek kalean ospatu dute urtebeteko borroka
Pentsiodunen mugimenduak urtebeteko borroka bete du. Hondarribian astelehenero elkartzen dira pentsio duinak aldarrikatzeko.
Pentsio duinak exijitzeko kalera atera dira gaur Hondarribiko erretiratuak. Ez da lehen aldia. Urtebetean ia 50 aldiz egin dute. Joan den astean urtebeteko borroka bete zuten, eta gaur kalean ospatu dute.
Hondarribiko Pentsiodunen Mugimenduak, astelehenero elkartzen dira Kasino Zaharra Adinekoen Etxean, 12:00etan. Ordu laurdena egiten dute bertan, eztabaidatzeko, eta beste ordu laurdena San Juan de Dios biribilgunean, euren aldarrikapenak zabaltzeko. Hileko azken astelehenetan manifestazioa egiten dute, eta hori izan da gaurko plana: 200 lagun inguruk egin dute Kasino Zaharra eta San Pedro kalearen arteko ibilbidea.
Iñaki Garaialde mugimenduko bozeramaileetako bat da. Urtebete eta gero jendea “gogotsu” dagoela adierazi du: “Urtebete darama mugimenduak eta aurpegi berdinak ikusten ditut, noizbehin jende berria etortzen da, baten bat erortzen da, horrela gabiltza, Baina badago jendea oso zintzo dabilela eta oso gogotsu”.
Garaialdek onartu du orain artean gutxi lortu dutela, eta borrokak jarraitu beharra duela: “Orain arte lortu dena gutxi da, baina zeozer bada. Datorren urtean, ezer ez bada aldatzen, %0,25eko igoera izango dugu, eta horren kontra egiten ari gara. Bai hori eta bai gure bospasei puntu nagusiak direnak lortzeko borrokan. Horiek ez dira aldatu, ez dugu mugimendurik ikusten”.
Gauzak horrela, hauteskundeei begira daude pentsiodunak: “Inflexio puntua izango dira hauteskundeak, horregatik jarraitu behar dugu borrokan”.