Pentsiodunek manifestazioak egingo dituzte astelehenean
Hondarribiko manifestazioa 12:00etan irtengo da Kasino Zaharretik, eta Irungoa, ordu berean, San Juan plazatik.
Astelehenean (hilak 28) pentsiodunak berriz ere elkartuko dira Irunen eta Hondarribian, beren pentsioen defentsan, kalera. 12:00etan irtengo dira bi manifestazioak; Irungoa San Juan plazatik, eta Hondarribikoa Kasino Zaharretik.
Urtebete igaro da Hondarribiko eta Irungo pentsiodunak antolatu eta beren eskubideen defentsan kalera irteten hasi zirela, eta manifestazioetara batzeko deia egitearekin batera, abagunea baliatu dute, atzera begira jarri eta orain arteko bideaz hausnartzeko.
Nabarmendu dutenez, “pentsio publiko eta duinen aldeko mugimendu hiritar, solidario, iraunkorra, zeharkakoa eta bateratua” direla frogatu dute denbora honetan, eta lorpenez ere ohartarazi dute: “KPIaren arabera gure pentsioak, 2019an, %1,6ra igotzea lortu dugu”. Hala ere, bere oinarrizko aldarrikapena “zintzilik” jarraitzen dutela ohartarazi eta borroka jarraitzeko asmoa dutela berretsi dute.
Besteak beste, emakume pentsiodunek bizi duten egoera larrian jarri dute fokua, eta borrokan jarraitzeko deia luzatu: “Dirua dagoela badakigu, eta partekatze zuzena eta bidezkoa eginez, oraingo pentsioak eta etorkizunekoak bermatu daitezkeela ere”.