Liburutegi intimoak partekatuz eragin
Liburuminguru proiektua sortu du Ainhoa Moron Lasa irundarrak, Internet bidez liburutegi intimoak partekatuz, euskara eta literatura sustatzeko helburuz; proiektuan hasiberria den arren, pixkanaka ari da lortzen oihartzuna
Jaio, 27. Logela, Irun. «Perspektiben orgasmoa da niretzat. Ideien jaioberritzea eta hiltzea». Liburu bat: Un mundo feliz, Adous Huxley (1932).
Eider Adeletx. Izotz fabrikako aldapatik gora, Trintxerpe. «As noites da Radio Lisboa entzuten pasa ditut gauak liburutegi honetan. Izar betaurrekodunen zain. 94.4 FM. …». Liburu bat: Hiri Gorritik. A. Serrano (2010, Elkar).
Aiora Sampedro Alegria, 25 urte. Alokairuko etxeko logela, Salamanca. «Liburutegi hori berez da niretzat berezia. Etxez mugitzerakoan inolaz ere utzi ezin nituen liburuak ekarri nituelako». Liburu bat: Ihes ederra. Hedoi Etxarte (2009, Alberdania).
Liburuminguru deritzan egitasmotik hartutako pasarteak dira aurrekoak, norbere etxeko liburutegiaz idatzitako testu laburrak. Ainhoa Moron Lasa irundarra da Liburuminguru egitasmoaren sortzailea, eta azaldu duenez, «bakoitzaren liburutegi pertsonalak partekatzeko proiektua da».
Edonork parte har dezake proiektuan, bi modutan: «Liburuminguru@gmail.com-en helbidera bidalita zuzenean, edota twitterren bertsiokatuz». Moron Lasak gaineratu duenez, hiru pausu jarraitu behar dira: «Norberaren liburutegiaren argazkia atera eta ondoren, testu bat idatzi, liburutegia non dagoen esan, norena den, eta baita bere adina nahi izatekotan. Ondoren, liburutegia bera pertsona horrentzat zer den, edo zer esan nahi duen idatzi».
Azken pausua, hirugarrena, «liburutegi horretako harribitxia edo libururik preziatuena» zein dena jakinaraztea. «Hiru pausu horiek beteta posta elektronikoz bidali, eta nik webgunean eta twitterren txiokatzen dut», azaldu du.
Euskara eta literatura, biak sustatu nahi ditu Moron Lasak Liburumingururen bidez. Horregatik, partekatzen dituen eduki guztiak, euskaraz partekatzen ditu. Egilea, frantses filologiako ikaslea Gasteizen, Lyonen ari da ikasturtea egiten, eta euskararekiko nolabaiteko nostalgiak bultzatuta ekin zion Liburumingururi: «Hemen egonda faltan botatzen dut euskaraz egin ahal izatea, eta hemen ezagutu dudan jendeak ere ikusi dut euskarari buruz zeozer badakiela, baino ez gehiegi».
Kanpokoengan eragin nahi izan du gehienbat: «Ikus dezaten Interneten ere baduela bere tokia eta izan daitekeela hizkuntza bat gaur egungoa. Zerbait oso antzinakoa den ikuspuntu horretatik pixka bat urruntzeko ahalegina da».
Literaturarekiko zaletasuna, berriz, txikitatik jaso du. «Etxean liburutegi handia dugu», kontatu du, eta nahiz eta txikitan oso irakurzalea ez dela izan aitortu, gaur-gaurkoz funtsezkoa iruditzen zaio arlo hori lantzea : «Magisteritza egin nuen aurretik, eta iruditzen zait benetan garrantzitsua eta oso aberasgarria arlo hori lantzea. Literatura sustatzeko modu bat ere izan da Liburuminguru».
Eta liburutegi intimoak aireratzen hasita, bere liburutegiaz ere galdetzea, ia derrigorrezkoa. «Oraindik sortzeke dago, ez dudalako etxe finkorik. Gurasoen etxean ditut liburu batzuk, hemen beste batzuk, beste batzuk Araban. Agian Liburumingurun aurkituko dut», dio, barrez.
Eta bere liburutegiko harribitxiaz galdetuta, berriz, ataka: «Galdera hori luzatu nuen jakitun nintzela oso zaila zela erantzutea. Duela gutxi irakurri dut Albert Camusen L’Étranger, eta oso-oso gustura irakurri dut».