Kirolzer enpresak milioi laurden euro zor dio Hondarribiko Udalari
Abotsanitz alderdiak salatu du udal kiroldegiak kudeatzen dituen enpresak ez dituela 2018ko kuotak ordaindu, ezta 2017ko etekinen likidazioa aurkeztu ere.
Hiruhilean behin ordaindu beharreko iazko lau kuotak, 252.000 euro guztira, eta 2017ko etekinen likidazioaren araberako kopurua. Hori da Hondartza eta Jostaldi udal kiroldegiak kudeatzen dituen Kirolzer SL enpresak Hondarribia Lantzen erakunde publikoarekin duen zorra. Abotsanitz, oposizioko alderdi nagusiak salatu du enpresak baldintza-agiriaren arau hauste oso larriak egin dituela behin eta berriz eta, udal gobernuak, neurriak hartu ordez, lehiakortasun legea urra dezakeen zeharkako laguntzak ematen ari zaizkiola enpresari.
Abotsanitzen arabera, 2014tik behintzat ari da Kirolzer baldintza-agirian zehaztutakoa ez betetzen. Hala azaldu du Igor Enparan bozeramaleak: “2015ean Herri Kontuen Euskal Auzitegiaren txostena iritsi zen gure eskuetara, 2014ko kontu likidazioaren balorazioa egiten zuena. Hondarribia Lantzeni dagokionez eta, zehazki, kiroldegien kudeaketari buruz, Kirolzerreri egin zitzaizkion ordainketa batzuk aipatzen zituen, orotara 50.000 eurokoak gutxi gorabehera, pleguko baldintzetan sartuak ez zeudenak”. Kontu epaitegiaren txostenak zioen, batetik, ordainketa ez zela zilegi, eta bestetik, ordainketarako justifikazioa ez zela ulergarria. “Kudeaketa ona zela-eta eginiko ordainketak omen ziren, baina epaitegiak argi uzten du urte hartan Kirolzerrek ez zuela pleguan zehaztutako ekitaldiko kanona ordaindu”, argitu du Enparanek.
Gaia Espainiako Kontu Epaitegira iritsi zen, euskal erakundearen bitartez. Ordainketa hura irregularra zela berretsi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak. “Ordainketa ez zen gauzatu, eta horregatik ez zuten Hondarribia Lantzen zigortu”, zehaztu du Enparanek.
500.000 euro arteko zorra
Kirol instalazioen kudeaketarako baldintza-agiriak hiru betebehar nagusi ezartzen dizkio lehiaketa irabazitako enpresari. Batetik, urtero 250.000 euroko kanona ordaindu behar du, hiruhileroko lau ordainketetan. Bestetik, urtero 15.000 euro inbertitu behar ditu instalazioen hobekuntzetan. Eta hirugarrenik, ekitaldi bakoitzaren lehen hiruhilekoan, aurreko ekitaldiko etekinaren likidazio txostena aurkeztu behar du, kopuruaren arabera etekin hori enpresaren eta Hondarribia Lantzenen artean banatzeko.
Abotsanitzen arabera, lehen eta hirugarren baldintzak ez ditu betetzen Kirolzerrek. “Pleguak zehazten du lau ordainketa egin behar direla, apirilaren 1ean, uztailaren 1ean, urriaren 1ean eta abenduaren 20an. Iaz diruzaintzan galdetuta jakin genuen 2017ko kanona ordaindu gabe zegoela, eta bagenekien etekinen likidazioa egin gabe zegoela. Udaran aipatu genuen Hondarribia Lantzenen bileran, eta hilabeteetan inork ez zigun erantzunik eman. 2018ko bukaeran Kirolzerrek 500.000 euroko zorra zeukan. Jakin dugu Gabonetan 2017ko kanona ordaindu duela”. Hau da, 2017ko lehen ordainketa 21 hilabete beranduago egin du. Oraindik enpresak zor duen kantitatea gutxienez milioi laurdenekoa dela nabarmendu du Enparanek: “2018ko kanona ez dago ordainduta eta 2017ko etekinen likidazioa egin gabe dago. Zorra gutxienez 252.000 eurokoa da, 2018ko kanonari dagokiona, eta 2017ko likidazioari dagokiona gehitu behar zaio, ez dakigu zenbat den. Kalkulua egina ez egotea ere larria da”.
Kontratuak dioena ez betetzeagatik zigorrak zehazten ditu baldintza-agiriak. Hala, kanona ez ordaintzea ekintza larritzat jotzen du, eta ekintza larrien pilaketa oso larritzat: “Arau hauste larriak bata bestearen atzetik errepikatzea, kontratua bertan behera uzteko nahikoa arrazoi dela dio baldintza-agiriak”.
Alderdiak salatu du Hondarribia Lantzenek ez duela Kirolzerren kontrako inolako neurririk hartu. Are gehiago, udal gobernuak zeharkako diru laguntza bat onartu egin zuen: “2017. urtean, baldintza-agiria zabaldu gabe eta beste enpresei aukera eman gabe, erabakitzen da kirol elkarteek kiroldegiaren erabileragatik ordaindu behar izatea, publikoari ezartzen zaion prezio beretan”. Kirol elkarteek ordainketa horiek egiteko baliabiderik ez dutenez, udal kirol instalazioak erabiltzen dituzten kirol klubentzako diru laguntzak onartu zituen udalak 2017ko urrian. “Kontu epaitegiek atzera bota zuten 50.000 euroko ordainketa egitetik, 2017an 208.000 euro eta 2018an 252.000 euro ordaintzera pasatzen gara oraingoan. Bost aldiz gehiago”, gaineratu du Abotsanitz alderdiko bozeramaileak.
Zeharkako soluzio bat gaizki egindakoari bide emateko
2017ko urrian kirol elkarteentzako diru laguntzak onartu zituen udalak, Kirolzer zeharka finantzatzeko. Abotsanitzek eta EH Bilduk ez zuten bozketan parte hartu, lege mailako zalantzagatik.
2017ko urriko ohiko plenoan udal instalazioak erabiltzen dituzten kirol elkarteentzako diru laguntza izendunak onartu zituen Hondarribiko Udalak. Ordura arte alokairurik ordaintzen ez zuten Hondarribia FEri, Bidasoa Atletiko Taldeari, Hondarribia Ikasbasketi, Bidasoa XXI igeriketa klubari eta Hondarribia Eskubaloiari 308.518 euroko diru laguntza izenduna ematea onartu zuen, diru horrekin kiroldegia erabiltzeko gastuak ordain zitzaten.
Txomin Sagarzazu alkateak onartu zuenez, Herri Kontuen Euskal Auzitegiak eta Espainiako Kontu Auzitegiak atzera botatako finantzazio saiakera zuzentzeko helburua zuten diru laguntza horiek. “Ez genuen behar bezala egin, eta legeak eskaintzen duen aukera da hau”, azaldu zuen alkateak plenoan.
EAJz gain, PSEk eta PPk alde bozkatu zuten. Oposizioko bi talde nagusiek, Abotsanitzek eta EH Bilduk, bozketan ez parte hartzea erabaki zuten, lege mailako zalantzak zituztelako. EH Bilduko Karlos Gebarak iritzi zuen erabakiak lehiakortasun legea urratzen zuela, “enpresa ezberdinen arteko konpetentzia gabezia” egon zitekeela, Kirolzerrekin batera konkurtsora aurkeztu ziren beste enpresei ez zitzaielako aukera hau eman.
Abotsanitzen ustez, azken urteotako aurrekariak kontuan izanik, ezinbestekoa da lehiaketa berria ateratzea: “Pleguaren baldintzak indarrean dagoenetik aldatu egin dira, eta hori horrela, beste lehiakideei aukera berdinak eman behar zaizkie. Gainera, enpresak ez du plegua errespetatzen, zalantzak ditugu inbertsioen arloan, baina beste bi arloetan, kanonaren ordainketetan eta etekinen likidazioan, ez du betetzen”.
Kirolzerrek kontratua behin baino gehiagoetan hautsi duen arren, oposizioko taldeak ez du uste bidea enpresa zigortzea denik, baldintzak eguneratzea baizik. Horrela azaldu du Enparanek: “Ez dugu esaten enpresa zigortu behar denik. Esaten duguna da kontratua eten egin behar dela, eta beste plegu bat atera, agian oinarri desberdinekin, baina lehiakide guztientzako berdinak”.
Halaber, gaineratu du ez direla muturreko neurriak hartu behar, prozesu bat irekitzea dela soluzioa, horretarako Hondarribia Lantzen osatzen duten alderdi guztien artean eztabaidatuz: “Ez dugu esaten gaur kontratua moztu eta kiroldegia itxi behar denik, ez. Prozesua eskatzen dugu, eta prozesu horretan mahai gainean jarri behar dira kiroldegiak arlo publikotik, udaletik, kudeatzeko aukera. Baina badakigu gure indarra zein den eta udal gobernuak ez duela hori nahi. Baina prozesu berri bat behar da, enpresa guztientzat baldintza berberak eskainiko lituzkeen prozesua”.