Jaizkibelek ez ditu Segurtasun Sailak jarritako isunak ordainduko
Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak ez ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jarritako isunak ordainduko. Hala jakinarazi dute gaur arratsaldean Kale Nagusian eskainitako prentsaurrekoan. Jaizkibelek gogor kritikatu du Jaurlaritzaren erabakia, konpainia parekidea eta “plastiko beltzez eta zarataz Jaizkibelen jardunari boikota egiten diotenak” nahasten dituelako.
Oihana Etxebarrieta kapitainak eta Izaskun Larruskain kapitain ohi eta konpainiako kideak irakurri dute komunikabideentzako oharra. Hain justu, 200 euroko isun bana jaso du bakoitzak. Desfilearen itxura eta irudia hartu gabe zeuden pertsonak desfilera gonbidatzea leporatu die Segurtasun Sailak. Hala dio isunaren azalpenak: “Ibilbidean zehar hainbat lagun erantsi ziren, Alarde modura egiten zuten desfilearen itxura eta irudia hartu gabe. Egoera horrek publikoaren txistuak eta oihuak areagotu zituen eta horregatik ezin izan zen desfileko musika entzun. Antolatzaileek ez zuten ezer egin egoera hori saihesteko. Are gehiago, zuzendarien artean zeuden Oihana Etxebarrietak eta Izaskun Larruskainek pertsona horiek desfilean parte hartzera bultzatu zituen”.
Gaurko agerraldian Jaizkibelek argi utzi du ez duela leporatzen zaiona onartzen, eta gaineratu du isunak ez dituela ordainduko: “Bi isun hauekin Jaurlaritzak gizon eta emakumeon parekidetasunaren aldeko borroka zigortu nahi izan du”. Gainera, publikoan Jaizkibeli babesa adierazten ari ziren hiru pertsona ere zigortu ditu Jaurlaritzak, eta horiei babesa adierazi diete: “Gure konpainiaren jarduna babesten dutenei esker egin dugu aurrera urte guzti hauetan”. Halaber, desfilean babesa adierazten dietenei esker ona adierazi diete “zapi koloretsuak jantzi eta gu desfile osoan txalotzeagatik eta, bereziki, Kale Nagusiko egoera gogorrari aurre egiteagatik”.
Isunekin, jasandako erasoaren arduradun izatea leporatzen dietela salatu dute Etxebarrietak eta Larruskainek: “Sinestezina egiten zaigu guri leporatzea aurretik beste batzuek plastiko beltzen atzean ezkutaturik martxan jartzen duten erasoa. Horiek dira erantzule. Ez Jaizkibel konpainia”.
Horrez gain, isunek arazoaren konponbidea ez dutela errazten adierazi dute, eta Hondarribiko Udalari eskaera luzatu diote, “dagokion ardura har dezan. Berari dagokio parte hartzaile ezberdinak bildu eta negoziazio fase bat zabaltzea. Elkarrizketa da bidea, ez isunak”.
Prentsaurrekoa amaitzeko, isunen kopurua Irungo Harrera Sareari emango diotela jakinarazi du Jaizkibel konpainiak.