Hondarribia hirugarren izango da gutxienez
Gorengo Mailako nesken taldeak igoera fasea jokatuko du. Lehen faseko azken bi partidetan bigarren postuagatik borrokatuko da.
Hondarribia Futbol Elkarteko emakumeen Gorengo Mailako taldeak igoera fasea jokatuko du. Asteburuan Trintxerpen 0-8 irabazi eta gero, hirugarren dago sailkapenean. 33 puntu dituzte berdeek, Añorgak bezal, Intxaurdi liderrak baino 9 gutxiago.
Bi partida geratzen zaizkio lehen fasea bukatzeko eta dagoeneko ziurtatuta du multzoko lau onenetako bat izango dela. Are gehiago, gutxienez hirugarren sailkatuko da, eta bigarren izateko aukera du, azken jardunaldian Añorgaren kontra jokatuko baitu. Lehenago, hurrengo asteburuan, Axular izango du aurkari hondartzan. Printzipioz, irabazi beharreko partida da, orain arte talde hobeagoa direla erakutsi baitute hondarribiarrek.
Bi multzoetako zortzi onenek jokatuko dute Ohorezko Erregional Mailara igotzeko fasea, multzo bakoitzetik lau talde. Zortzien artean bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Hamalau jardunaldiak amaituta, sailkapeneko lehenengo biak igoko dira —Añorga ezin da igo, Ohorezko Mailan ordezkaria duelako—.
Lehen multzotik Intxaurdi, Añorga eta Hondarribia sailkatu dira dagoeneko, eta laugarren posturako bi hautagai daude: Beti Gazte eta Allerru. Bigarren multzoan, berriz, dena erabakita dago. Urnieta, Aloña Mendi, Mutriku eta Hernani taldeek jokatuko dute igoera fasea.
Orain arte ikusitakoaren arabera, Intxaurdi eta Urnieta dira talde indartsuenak, baina horrek ez du ezer ere ez bermatzen. Bi multzoetako onenak gurutzatzen direnean zerotik hasiko baita txapelketa.