Mendelu-Eskapatxulo garatzeko aurretiazko ikerketa abiatu dute
Hilaren 28an eta 30ean, hurrenez hurren, Mendelu eta Amute auzoetako bizilagunekin elkartuko da udala, ekarpenak jasotzeko.
Mendelu eta Eskapatxulo esparruetako aurretiazko antolamendu azterketa burutzen ari da Hondarribiko Udala. Txomin Sagarzazu alkateak eman zuen horren berri joan den astean. Jakinarazi zuenez, auzotarrekin bilduko da udala, ikerketaren nondik norakoak aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko. Lehen urratsa dela nabarmendu zuen: “Argi utzi nahi dut aurretiazko azterketa batzuekin gabiltzala. Orain ez da erabakiak hartzeko unea. Orain aurretiazko ikerketa batzuek egin behar ditugu, hiritarrekin kontrastatu egin nahi dugu, ekarpenak jaso eta legez eman beharrezko pausu guztiak eman hiri eraberritze plan berezi bati aurre egiteko”.
2017ko ekainean onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotzen da Mendelu Iparra eta Eskapatxulo eremuak garatzea, biak batera. “Helburua bi inguruak batera eraberritu edo ordenatzea da, ezin baitaitezke bien arazoak bnandu” zehaztu zuen Sagarzazuk.
Hurrengo urratsa berri ematea izango dela erantsi zuen alkateak, lehenik udalean ordezkatuta dauden gainontzeko alderdiei, eta gero auzotarrei. Lehen bilera hilaren 28an egingo dute Mendeluko auzo elkartean eta bigarrena hilaren 30ean, Amute-Kostakoan. Biak 19:00etan hasiko dira.
Bileren ondoren bi auzoetan erakusketa bana jarriko du udalak, eta beste bat Arma Plaza kultur gunean. Horietan, auzotarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Proiektu konplexua
Eremu konplexua da Mendeluko Iparra eta Eskapatxulo, besteak beste, bertan hainbat erakundek dituztelako eskumenak. Hala azaldu zuen Sagarzazuk: “Adibide azkar batzuk jartzearren, Mendelu eta Amutalde kaleen ordenazioaz eta Irunekiko loturaz ari gara, Eskapatxuloko jarduera ekonomikoan dabilen inguru osoaren antolatzea, espazio libreen antolamendu eta hobekuntza, urak biltzeko Saura-Enean dagoen urmaela Plaiaundira eramatea…”.
Hori horrela, lanak urteetan luzatuko direla aurreratu du alkateak: “Erabaki asko eta konplexuak dira, urte askotarako lana da, orain lehen urratsak emango dituena. Guretzat, hiri erronka bat da”.